Gure Esku Dagok 100.000 lagun baino gehiago elkartu gura ditu ekainaren 10ean, Donostian hasi, Bilbotik pasatu eta Gasteizen bukatuko den mobilizaziorako. Giza katea eginda elkartu gura dituzte hiru hiriburuak, eta hori Aretxabaletatik pasatuko ez den arren herritarrek izango dute parte hartzeko aukerarik; izan ere, 500 herritarren laguntza eskatu dute. Gopegi (Araba) ingurura joan beharko dute aretxabaletarrek, 185. kilometrora, hain zuzen ere.
"Erronka handia da 500 aretxabaletar elkartzea, hortaz, animatu parte hartzera! Autobusak giza katea egingo den kilometroraino eramango gaitu eta gero bueltan ekarri", diote Gure Esku Dago-ko kideek.
Atzo egindako ekitaldian eman zuten horren berri eta izena emateko epea zabaldu. "Horretarako eta materiala saltzeko mahaiak jarriko ditugu hainbat egunetan, baina oraindik ez dugu zehaztu noiz eta non. Horren guztiaren berri joango gara ematen", jakinarazi dute.