Elkartasun keinua jai giroarekin uztartu gura izan dute Debagoieneko ikastolek, eta Baionako Bernat Etxepare Lizeoarendako dirua batzeko ekitaldiak festa giroan egingo dituzte gaur, egubakoitza, Basabeazpi guneko kideen eskutik. "Ikastolon oinarria elkartasuna da eta garbi daukagu zazpi lurraldeetan banatutako ikastolok bakarra osatzen dugula. Hortaz, beharra duenari laguntzeko ekimenak aurrera eramaten ditugu, nazio proiektua garatu eta indartuz", jakinarazi du Eneritz Urrutiak, Basabeazpiko irakasleak. Hala, hirugarrenez antolatu dute Oñatiko Txantxikuk, Bergarako Aranzadik eta Leintz bailarako Arizmendik halako ekimen bat elkarlanean; aurretik izan ziren Lodosako ikastolari eta, Ziburukoari laguntzeko jaiak.
Topalekua, Herriko Plaza
Herriko Plazan izango dira ekitaldiak nahiz eta eguraldiak lagundu ez: "Euria, txingorra ala elurra egin, ekintza guztiak aurrera eramango ditugu", jakinarazi du Urrutiak. Herri krosa plazatik abiatuko da 18:00etan; Errekabarren kalean gora egingo du Txakoliko bidegurutzera arte, eta han, Basabeazpi aldera egingo dute. Hara, Basabeazpira, iritsitakoan Mitarte kalean behera joango dira, Durana kalea zeharkatu, eta Herriko plazan bukatzeko. "Banakoa dantzatuta amaituko dugu, ondoren, ekintzekin jarraitzeko".
Ekitaldiotara herritar guztiak gonbidatu dituzte. "Herriak osatzen du ikastola, eta argi dugu laguntzeko gertu dauden guztiak ongietorriak direla. Ekintza ez berdinak antolatu ditugu, hortaz, animatu Baionako lizeoari laguntzera", eta tonbola solidarioa nabarmendu gura izan du: "Herriko ekoizleek eta bailarako eta Euskal Herriko hainbat erakundek eskainitako produktuekin osatu dugu; mundiala izango da!".
Egitaraua
- 14:20-16:20, Ikasleen krosak.
- 16:30, Jolasen hasiera, aurpegi margotzeak...
- 16:30, Tonbolaren eta tabernaren irekiera.
- 16:45, Almeneko abesbatzaren emanaldia.
- 17:00, Ikastolako bertsolariak.
- 17:30, Laugarren mailakoen emanaldia.
- 18:00, Herri krosa.
- 18:30, Seigarren mailakoen banakoa.
- 19:00, Buruhandiak eta guraso trikitilariak.
- 20:00, Azken bingoa.