2017ari errepasoa egin, eta aurrera begira jarri. Hori da Basotxo Erretiratu Elkarteko lagunek joan den egubakoitzeko batzar orokorrean egin zutena. Hala, urteko datuei dagokienez elkarteak urte amaieran 980 bazkide zituen –576 emakumezko eta 404 gizonezko– eta zuzendaritzan aldaketak egiteko ere aprobetxatu zuten batzarra. Hala, Tere Artanok idazkari izateari utzi dio, eta Tere Delgadok bete du haren lekua, eta Xabier Zaloñaren ordez Kontxi Romano da orain presidenteordea.
Pozik egindako ekimenekin
Urtean zehar antolatutako ekimenei dagokienez: "2017a oso oparoa izan da. Harreman instituzionalak indartu ditugu, bidaiak egin ditugu, berbaldiak antolatu ditugu eta bestelako zerbitzuak ere eskaini ditugu, esaterako, kafetegia zerbitzua, podologia, ile apaindegia...", adierazi du Tere Artanok.
Hala ere, ekimen kulturalek eta elkartetik antolatutako bidaiek izan dute bereziki arrakasta: "Guztira hamabi bidaia egin ditugu, eta horietako hiru astebetekoak izan dira. Eta, kultura hitzorduek aparteko arrakasta izan dute. Guztira hamaika ekimen antolatu genituen, eta kurtsoek, berbaldiek, horma-irudia egiteko proiektuak, antzerkira egindako irteerak... Harrena ona izan zuten. Gainera, kantu taldeak ere lan dezente izan zuen".
Hamabost emanaldi
Kantu taldekoek guztira 15 emanaldi egin zituzten 2017an, horietako batzuk Gipuzkoan barrena: "Baina azpimarratzekoak izan ziren Aretxabaletan eta Eskoriatzan egindako emanaldiak, oso arrakastatsuak izan zirelako. Horrekin batera, Bergaran egindako abesbatzen topaketan ere esku hartu genuen, eta dantza taldeak ere Dantzaren Astean hartu zuen esku, eta oso txalotua izan zen taldekideen emanaldia".
Kultura Aste emankorra
Basotxon bertan egindako Kultura Asteak emandakoarekin ere pozik geratu ziren: "Aste horren barruan egin genituen ekimenen barruan nabarmentzekoa izan zen modelo desfilea, ikustera etorri ziren guztiek gozatu ederra hartu zutelako. Eta, ezin dugu ahaztu gure erretiratuetako batzuek aste horretan egin zituzten eskulanak, eta batez ere, Aratz elkarteko kideek egindakoa azpimarratu gurako genuke". Hala, 2017an egindako ekimenekin amaitzeko, elkarteko kide askok jarraitzen dituzten Memoria Tallerrak izeneko ekimena nabarmendu du Artanok.
2018ra begira lanean
Iazkoak alde batera utzita, Basotxoko lagunak dagoeneko buru-belarri dabiltza aurtengo ekimenak prestatzen: "Bidaiak, berbaldiak, dantza eta kantu ikastaroak... Ekimen mordoa izango da aurten ere, eta herri mailako ekimenetan ere parte hartuko dugu, noski".
Mobilizazio deialdiak
Datozen egunetarako prest dituzten mobilizazioen berri ere eman zuten, izan ere, aretxabaletarrak ere erretiratuen pentsio duinen aldeko borrokan esku hartzen dabiltza. Hala, bihar, martxoak 17, Donostian egingo duten manifestaziorako autobusa jarriko dute (Azben, 16:00etan, itzulera 20:00etan) eta autobuserako izena Basotxon bertan eman behar da. Horrekin batera, astelehenero elkartzen dira udaletxe aurrean (12:00) pentsio duinak eskatzeko.