Zer egingo dut nik orain? izena jarri dio Guraso Foroak –Arizmendi ikastolako gurasoak, Gurabarri guraso elkartea, Batera guraso elkartea, Kukumiku elkartea, Pausoka guraso elkartea eta Udala–, ardura eta kezka askoko garaia izaten delako nerabezaroa askorendako: "Guraso izateak egoera eta esperientzia berrietara egokitzea eskatzen digu gure seme-alaben bizitza fase guztietan, eta, sarritan, nola jokatu asmatu ezinda ibiltzen gara", adierazi dute Guraso Foroko kideek, eta, hain zuzen, hori jakinik, hau gaineratu dute: "Guraso Eskolak eginkizun horretan bidelagun izan nahi du aretxabaletarrendako, eta, horretarako, hainbat baliabide jarri gura ditu gurasoen eskura".
Lau trebakuntza saio proposatu dituzte, eta, besteak beste, honako gai hauei helduko diete: familia sistema gisa lantzea; arauak, rolak, jarrerak, mugak, komunikazioa hobetzeko jarraibideak, gatazken ebazpenak… Eta saio horietan gidari lanak egingo dituzte Arrasateko Ardatz Formazio Zentroko adituek.
Izen-emate epea zabalik
Lau martitzenetan dira saioak –debalde–; hona hemen egunak: apirilaren 10a, 17a eta 24a eta maiatzaren 8a. Guztiak udaletxeko ganbaran izango dira, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Izena emateko epea martxoaren 13an, martitzena, zabalduko dute, eta derrigorrean lau egunetarako eman behar dela iragarri dute antolatzaileek. Horretarako, Arkupe kultura etxeko harrerara joan behar da, edo Gazteria Zerbitzura: gazteria@aretxabaleta.eus helbidean eta 943-08 10 01 telefonoan. Azkeneko eguna martxoaren 27a da.