Aretxabaletako Udalak bat egin du martxoaren 8ko aldarrikapenekin

Mirari Altube Arrese 2018ko mar. 8a, 10:49

Mugimendu feministak martxoaren 8rako egindako aldarrikapenekin bat egin du Udalak, eta konpromisoa hartu du emakumeen eta gizonen benetako berdintasunera bidean lanean jarraitzeko. Era berean, herritarrei dei egin die antolatutako ekitaldietan "modu aktiboan" parte hartzeko.

Hona hemen Udalak onartutako adierazpena:

"Zer gertatzen da emakumeek ez badute zaintzen, ez kontsumitzen, ez lan egiten, ezta parte hartzen ere?

Hausnarketa horrexek eraginda, mugimendu feministak emakumeen nazioarteko greba-deialdi bat egitea erabaki du, Emakumeok planto. Nosotras paramos lelopean. Grebaren xedea da emakumeen lanak gure gizartean duen inpaktua ikusaraztea eta lan hori aintzat har dadila eskatzea.

Gure gizartearen ongizatea ezinezkoa litzateke bizitzari eusteko ezinbesteko jarduerak egingo ez balira, hala nola, pertsonak zaindu  edo etxeko lanak egin. Lan horietako gehienek ez dute ordainsaririk, ez dira ikusten ez eta kontabilizatzen ere, eta batez ere emakumeek egiten dituzte. Zeregin hauen ekarpen ekonomikoa ukatu egiten da eta zaintza, osasun, giza eta babes arloari egiten dioten aurrezpen soziala ikusezin bihurtzen da.

Lan-merkatuaren barruan eta kanpoan eskainitako orduak kontuan izanez gero, emakumeek soldatapeko lanaren %56 egiten dute, eta ordainsaririk gabeko lanaren %74. Hala,  emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan igarotzen duten denboraren ondorioz, gizonek denbora gehiago dute beren bizitza pertsonala eta karrera profesionala garatzeko, eta horrek eragin zuzena du emakumeen lan merkatuko egoeran.

Egoera hau latzago bihurtzen da feminizatutako lan prekarizatuetan, ezkutuko lan merkatuan, baliabide urriak dituzten emakumeengan, edo bestelako bazterkeria egoeraren bat jasateko arriskua duten emakumeengan.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da gizarteak aitortzea zaintza-lana ezinbestekoa dela bizitzaren iraunkortasunerako. Zaintzen inguruko jendarte mailako antolakuntza berri bat babestu beharra dago, gizonen erantzunkidetasuna sustatuz, kontziliazioa sustatzeko zerbitzu publikoak indartuz eta enpresa-kulturan eraginez, emakumeen eta gizonen garapen osoago bat eta gizarteko parte-hartze eta eragite-ahalmen parekide batera bidean.

Hala,  Aretxabaletako udalak mugimendu feministak martxoaren 8rako egindako aldarrikapenekin bat egiten du, deituta dagoen greba begi onez ikusten du eta deialdi horretara gehitzen diren emakumeak (udaleko langileak barne) babesten ditu.

Udalak ardura hartzen du emakumeen eta gizonen benetako berdintasunera bidean lanean jarraitzeko, aurretik azaldutako norabidean bi erronka nagusi azpimarratuz: berdintasun ikuspegia udal jardunean txertatzeko estrategiak garatzea, eta gizarteko balioen aldaketara bideratutako sentsibilizazio programak sustatzea.

Era berean, herritarrei dei egiten die martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu diren ekitaldi eta ekintzetan modu aktiboan parte har dezaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak