Goiz partean ekingo diote ospakizunari; salda eta txistorra mokadutxoa eskainiko dituzte Basotxoko tabernan, 11:30ean. Eguerdi partean, Arrasateko Sara jatetxera joko dute bazkaltzera.
Handik itzulitakoan, 19:00etan, elkarteko hildako bazkideen aldeko meza esango dute parrokian.
Batzar nagusia martxoaren 9an
Martxoaren 9an, egubakoitza, ostera, batzar nagusia egingo dute (16:00etan lehen deialdia eta 17:00etan, bigarrena). 2017 urteari gainbegiratua egingo diote lehenengo, eta gero, 2018ko kudeaketa plana aurkeztuko dute.
Martxoaren 21ean, ostera, osasuna izango dute berbetarako gai elkartean bertan, 17:00etan. Clemente Domingo eta Goizane Mendizabal Aretxabaletako erizainek botikak hartzerakoan norberak dituen erantzukizunen gainean hainbat kontu azalduko dizkie. "Hitzaldi benetan interesgarria izango da, hortaz, bazkide guztiak gonbidatu gura ditugu bertara", diote zuendaritza batzordeko kideek.
Bidaiak udaberrian
Udaberrirako bi bidaia ere iragarri dituzte. Apirilean Oportora (Portugal) joango dira eta izena emateko epea zabalik dagoela gogorarazi dute.
Bestetik, Greziako uharteetan zehar egingo duten itsasbidaiarako oso leku gutxi geratzen direla iragarri dute. Hortaz, inork interesa izanez gero lehenbailehen gertura dadila Basotxo elkartekoen bulegora.