Lehenengo ordu erdian ez da joko askorik ikusi Ibarra futbol zelaian; epaileak lehenengo txartel horia UDAkoei erakutsi ostean, ostera, hasi da partidua berotzen. Zarautzeko aurrelariak estropezu egin du eta epaileak txartel horia atera dio etxeko jokalariari, zarauztarra bakarrik erori dela onartu arren. Ordutik aurrera biek ala biek jokoa gogortu dute eta atsedenaldira heldu orduko bi gol baliogabetu dizkiete UDAko jokalariei. Zaitegiri lehena, atezainaren baloi luze bat buruarekin errematatu eta gero, eta bigarrena Urko Pamies de la Herari.
Bigarren zatian gogotsu zelairatu dira etxekoak baina hasi eta bost minutura zarauztarrek gola egin eta partidua aldatz gora jarri zaie UDAkoei. Indartsu eta gogotsu ekin diote gola jaso ostean; baloi guztiak borrokatu dituzte eta gol aukera politak egin dituzte berdinketa eta bigarren gola sartzeko ere, baina azken erremateetan ez dute asmatu eta esku hutsik amaitu dute partidua.