Loramendi Elkartea azken asteetan udaletxe zaharreko gela bat txukuntzen aritu da, eta erabilpen ezberdinetarako gauzatu dute ekimena. Dagoeneko prest dago herritarrek erabiltzeko, eta Loramendiko liburutegia izenez bataiatu dute.
Eskaera egitea ezinbestekoa da
Udaletxe zaharreko bigarren solairuan dago gela, eta, txikia izan arren, irakurzaletasuna sustatzeko, taldeak biltzeko, lan egiteko, elkarrizketak egiteko, eta abarrerako atondu dute lekua. Honela azaldu du Martin Berrizbeitiak, Loramendi elkarteko kideak: "Apalategi bat jarri dugu, liburuak eraman ditugu, arbela dago, eta baita Internet ere. Elkargune bezala, nahi duenak erabiltzeko. Bazkideen, Aretxabaletako herritarren eta taldeen esku egongo da, eta, erabiltzeko, Loramendin eskatu egin behar dira giltzak, zein ordutan erabili nahi den adierazita. Eskaera bat baino gehiago badago ordu berean, euskarazko jarduerak eta irabazi asmorik gabekoak lehenetsiko dira".
Erabiltzeko deia herritarrei
Udaletxe zaharreko beheko aretoan gela soziala dagoen moduan, herrira zabaldu nahi dute liburutegia erabilgarri dagoela. "Orain arte, gela sozialak –lehenengo solairuan dagoen aretoa– berdin funtzionatu du, eskatuz gero, irekia izanez. Hala, liburutegia ere modu berean erabiltzea nahiko genuke. Jendeak badaki non dagoen aretoa, eta, liburutegia erabilgarri dagoela jakinda, nahi duenak erabiltzea nahiko genuke".
Irakurle kluba, aurrera
Hainbatek eman dute izena apirilaren 17an izango den irakurketan parte hartzeko. Lehena poesia izango da, Karmele Igartuarena; hurrengoa nobela izatea nahi dute; eta hirugarrena, ipuina. Hala, genero guztiak ukituz. Hala ere, irakurriko diren liburuak parte hartzen dutenen artean adostuko dira.
Irakurle kluba: 'Itsaso kontra bat'
Loramendi elkarteak izenematea ireki du irakurle klubean parte hartzeko. Gutxieneko talde bat osatu nahi dute, eta, horretarako, Itsaso kontra bat (Karmele Igartua) liburuarekin hasiko dute. Norbanako bakoitzak bere kabuz liburua irakurri, eta apirilaren 17an solasaldia egingo dute. Hori gauzatzeko, dinamizatzaile lanetan Itziar Gomez Sarasola idazle eta gidoilaria izango da.
Ekainean eta irailean beste bi saio egingo dituzte, nobela eta ipuina izango direnak seguruenik, eta data zehatzak eta irakurtzeko liburuak partaideen artean adostuko dituzte, taldea osatzen dutenean. Irakurle klubean parte hartzeko, izena ematea beharrezkoa izango da. Liburua nola lortu, izen-ematea… Loramendi Elkartean komentatuko dute nola egin behar den, besteak beste.