"Esprintean ateratzen dut daukadan onena"

Xabier Urtzelai 2018ko ots. 22a, 15:35
Garazi Estebez, erdian, podiumaren gorenean, Grauren eta De Roaren ondoan. Arazkia Josu Estebez.

Garazi Estebez aretxabaletarra Espainiako Kopa txapeldun izan da pistan, Euskal Selekzioarekin, kontrarioei eta asma eraso gogor bati aurre eginda; asteburuan, berriz, errepideko denboraldia hasiko du, Donostian

Gura baino kontrario gehiago izan zituen Garazi Estebez aretxabaletarrak Mallorcako Palma Arenako pistan jokatutako Espainiako Kopako azken jardunaldian: kontrarioa hiru puntura dagoela jakiteak dakarren presioa, txapelketako ohiko urduritasunak eta asma erasoa izan zezakeen susmoa. Hirurak koktelera batean sartuta, asteburua ondo kudeatzea lortu zuen.

Oraindik kadete mailako ziklista bada ere, Estebezek dagoeneko ederto ezagutzen du bere burua, zeintzuk diren indarguneak eta ahulguneak. Eta, tarteka bada ere, asma erasoak hor egoten dira: "Urduritasun eta estres handiko asteburua izan zen, hori da egia. Aurretik, asma arazoak izango nituen susmoa neukan, baina, zapatutik domekara lo gutxi egin banuen ere, domekan ondo har nezakeen arnasa".

Jarrera erasokorra 

Gipuzkoa Ogi Berri taldeko ziklista sailkapeneko bigarren postuan iritsi zen Kopako azken jardunaldira; hiru puntura baino ez zuen etxean jokatzen zuen Marina Grau ziklista: "Pista ederto ezagutzen zuen eta aurretik zegoen sailkapenean; hortaz, jarrera erasokorra izan behar nuen derrigor. Eta bai, horrek presioa gehitzea dakar".

Zapatuan bi proba izan zituen, Scratch eta Puntuaketa. "Scratchean bi ziklistak aurrera egin zuten –Lucia Gomez eta Jimena de Roa–, eta utzi egin nien, nire borroka ez zelako eurekin". Estebezek Marina zaindu behar zuen gertutik, eta hirugarren postua lortzeko esprintean irabazi egin zuen. Atseden hartu eta hurrengo probara. Eta hor etorri ziren arazoak: zazpi kilometro aurretik, eta hiru esprint puntuagarri.

Bada, lehenengo bi esprintetan atzean utzi zuen Grau, baina hirugarren itzulian asma erasoa izan zuen, eta ezin izan zuen proba errematatu – laugarren–. "Hori izan zen une kritikoena. Eguna puntu bateko aldearekin amaitu nuen, baina errekuperatu beharra neukan".

Hala, domekan berehala ohartu zen ondo hartzen zuela arnasa. Beste krisialdi bat izateko beldurra gainditu, eta Tempo eta Kanporaketa lasterketak irabazi zituen. Izan ere, aretxabaletarrak esprintean ematen du onena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak