Gura moduan hasi zuen partidua Aretxabaleta-UDAk, Iosu Urzelairen golarekin. Baina berdindu egin zuen Durangok. Ostera, dinamika berean segitu zuen partiduak, eta 3-2ko emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira. Gura baina ezin ziharduen etxeko taldeak, markagailuan ihes egiteko zailtasunekin.
Gauzak horrela, partiduko azken zatian, lehiako azken berdinketa erdietsi zuten durangarrek: 4-4 . Oier Urrutiak, Iosu Urzelaik –bigarrena– eta Asier Mansok sartu zituzten etxekoen gainerako golak, hurrenez hurren."Taldea erlaxatu egin zen 4 eta 3koarekin. Eta hori baliatu zuten kontrarioek", azaldu du Arkaitz Riberak, taldeko entrenatzaileak.
Bada, beherako bidea ez zen hor bukatu: partidua amaitzeko 5 minutu falta zirenean, bosgarren gola egin zuten durangarrek; 4-5 zioen markagailuak. Hori iraultzeko ahaleginak egin zituzten etxekoek, atezain-jokalari batekin. Baina, ezin. Esan moduan, 4-5 galdu zuen Aretxabaleta-UDAk.
"Ondo jardun genuen. Ez genuen galtzerik merezi. Bide beretik jarraituta, espero dugu dinamika irauli eta garaipenak lortzen hastea", dio Riberak.
Hamalaugarren postuan
Sailkapeneko atzeko postuetatik ihes egiteko aukera zuen Aretxabaleta-UDAk. Baina ez zuen lortu. Galdu ostean, eta jardunaldiko hainbat partiduren faltan, hamalaugarren postuan dira –hamabost talde daude–.