"Gozatzeko eta, aldi berean, aldarrikatzeko izango da bosgarren hau ere", adierazi du Oihana Matak, UDAko kideak. Herrian errotuz doan txapelketa da eta antolatzaileak pozik daude izan ohi duen erantzunarekin: "Emakumeoi txapelketa batera animatzea baino gehiago orokorrean kirola egitea kostatzen zaigula uste dut. Horri txapelketa hitza gehituta, oraindik erreparo handiagoa ematen digu. Hala ere, txapelketa hau herrikoia eta lagunartekoa da, eta orain arte oso emaitza onak izan ditu. Hogei bikoteren bueltan ibiltzen gara beti eta aurten ere hala espero dugu".
Giro ona egon izan dela ere jakinarazi du Matak: "Larunbat eta igande goizetan emakumez betetzen da frontoia eta berezia izaten da. Jende asko ezagutzen da eta une polita izaten da. Herriko jendeaz gain, kanpotik ere etortzen dira: Bergaratik, Elgetatik, Arrasatetik, Berriztik…".