Herritarrak lez, Txapel Txin ere mozorroa gertatzen hasita dago, eta jai giroan murgiltzeko gertu etorriko da bihar, zapatua: "Urtero moduan, giro ona ziurtatuta dago; txistor mordoa, torradak eta jai giroa Aratusteak datozela iragartzeko", adierazi du Txapel Txinek. Aratusteen iragarle den pertsonaia ezagunarekin batera torradak izango dira protagonista: "Lehiaketa izango da aurten ere. Eta herritarrei eskatu gura diegu parte har dezatela", azaldu du Joxe Migel Uribarrenek, Kultura zinegotziak. Herriko Plazan jasoko dituzte norberak etxean egindakoak, eta epaimahaiak onenak zeintzuk diren erabakiko du, gero saritzeko; txapel dotoreenak ere jasoko du saria. Txapel Txinen pregoiaren ostean izango da hori. "San Blas eguna da zapatuan bertan, eta horren bueltako pregoia gertatu dut", dio hark.
Egitaraua osorik
Hemen egitaraua:
- 12:00 Kalejira trikitilariekin.
- 17:30 Malabarzirko taldearekin kalejira. Ibilbidea: Arkupe, Herriko Plaza, Durana kalea, Mitarte kalea eta Herriko Plaza.
- 18:00 Torrada lehiaketa; etxean egindakoak Herriko Plazan jasoko dituzte.
- 19:00 Aratusteetako pregoia; eta ondoren, sari banaketa: txapel dotoreenari (50 euro) eta torrada onenei (100 euro eta Torratxin txapela, 50 euro eta 30 euro).
- 19:15 Txistorra, sagardoa eta torradak, elkartzen diren guztiendako.
- 19:30 DJ AviTxin-en eskutik, musika Herriko Plazan.
Kuadrillak lanean
Txapel Txin ez ezik, Karnabalen Lagunak elkarteko kideak ere gogotsu daude Aratusteetarako: "Kuadrillak urduri gaude eta hurrengo domekara begira burubelarri lanean". Mozorroak gertatzeko Udalak utzitako lokalean –Basabe industrialdean– hamar kuadrillak dihardute, baina egiten dabiltzanaren berri ez dute eman gura, inondik inora. "UDA da karroza ikusgarriena egiten duena, eta hark zer ekarriko zain daude herritarrak. Dena den, kuadrilla askok jartzen dugu irudimena martxan, eta lan politak egin", diote Ibai Zangituk eta Mikel Alberdik, eta Txapel Txinek gaineratu du: "Aratuste eguzkitsuak, koloretsuak, alaitasunez betetakoak espero ditugu; betikoak, baina, era berean, hobeak!".