Bikain hasi du urtea Maren Martin gaztetxoak; Andorran jokatutako nazioarteko lehiaketa irabazita infantil mailan. "Andorrako eta Frantzia aldeko parte-hartzaileak zeuden eta maila handia zegoen. Baina ondo moldatu nintzen eta pozik nago lortutakoarekin", dio aretxabaletarrak.
Iaz, Gipuzkoako txapelduna izan zen, Euskadiko txapelketan bigarren postua eskuratu zuen, baita Eibarren jokatutako nazioarteko txapelketan ere. "Borrokalaria da Maren, konstantea, ondo egindako lana du gustuko eta oso inteligentea da. Teknikari dagokionez, hankamotz dabilenean burua erabiltzen du, asko gainera", dio Arrasate Judo Elkarteko Julio Gallego entrenatzaileak, eta gaineratu du: "Umeak eta gaztetxoak gehiegi estutzea ez dut gustuko nik; duen adinarekin, 14 urte egiteko, ondo pasatu behar du judoaren bueltan, jolas eginez entrenatu. Eta aurrerago, 16 edo 17 urterekin hasiko gara gogor lantzen; gura badu, behintzat". Hain zuzen, saskibaloian ere jokatzen du Martinek, baina gustukoago du judoa. "Bakarka lehiatu behar izateak ez dit inporta", dio.
Aste bukaeran Hernanira
Arrasate Judo Elkarteak eta beste hainbat herritako elkarteek taldetxoa osatu dute, besteak beste, Legazpikoak, Zumarragakoak, Soraluzekoak, Gabiriakoak, Ondarroakoak eta Eibarkoak, indarrak batu eta eskarmentu handiagoa lortzeko asmoarekin. "Donostia eta Irun aldekoek asko jotzen dute Frantzia aldera lehiatzera. Han judoaren gaineko kontzientzia handiagoa dago, eta, horregatik, beste maila bat lortzen dute. Horren ondorioz, txikitu egiten gaituzte Donostia aldekoek". Hain zuzen, Eibarko Kalamua taldearekin izan zen Andorran aretxabaletarra.
Aste bukaeran ere lehiatuko da; 14 urtetik azpikoen eskolarteko finalerako kanporaketa jokatuko du, Hernanin. "Judoaz dakien apurra oso ondo daki, eta benetan ondo egiten du, gainera. Nik ez dut behartu nahi ezertara, berak gura duen lekuraino iritsiko da", dio Gallegok.