24 urteko arrasatearra da Diego. Iaz Arrasateko Aratusteen kartel lehiaketa irabazi zuen eta aurten Aretxabaletakoa irabazi du. Zazpi kartel aurkeztu dira aurtengo Aretxabaletako lehiaketara.
Diegok publizitatea eta diseinu grafikoa ikasi zuen eta hortik datorkio kartelak egiteko afizioa. Kartelez gain, esku-orriak ere egiten ditu. Kartela egiteko ideia anitz zituen, baina, Txino Dantza egiten ari den pertsona baten kartela egitea erabaki zuen. "Tradizioz, Txino Dantzak garrantzi berezia dauka Aretxabaletako Aratusteetan eta hori izan da kartel hau egitearen arrazoi nagusia. Testuari dagokionez, derrigorrezkoa zen Aratusteak Aretxabaleta 2018 esaldia agertzea" dio Diegok.
Kartelak urtarrilak 15a baino lehenago entregatu behar ziren eta hilaren 18an eman zen irabazlearen berri. Aurtengo Aretxabaletako lehiaketaren epaimahaia kultura batzordeko kideek eta herriko hainbat pertsonak osatu dute. Lehiaketako saria 200 eurokoa da.