3.053 abonaturekin itxi du urtea Ibarra kiroldegiak

Mirari Altube Arrese 2018ko urt. 10a, 12:00

Irailean bost urte bete zituen kiroldegiak sekulako kopuruak lortu ditu: 3.053 abonatu eta jardueretako erabiltzaile kopuruak %40 gora. Zerbitzua hobetze aldera urte berriarekin, ordutegi zabalagoa eskaintzen hasi dira, 07:00etan zabalduta.

Azaroaren 20an gainditu zuen 3.000ko muga abonatu kopuruari dagokionez Ibarra kiroldegiak, eta ordutik hona ere gora egin du; 3.053rekin bukatu du 2017a. "Inoiz izan dugun kopururik handiena da, eta, portzentajeari begiratuta, iaztik %10,3 egin dugu gora. Hortaz, oso datu onak dira", adierazi du Asier Mujikak, Udaleko Kirol teknikariak, pozik. Azken hiru urteetan gora eta gora egin dute kiroldegiko datuek: 2014-2015 denboraldian %19 gora; 2015-2016an, %9; eta azken honetan, 2016-2017an, %10,3. "Noiz arte izango den hori? Ez dakigu, hala den bitartean, gu pozik gabiltza".

Jarduerek gora, sarrerak gora 

Kirol jardueren erabiltzaile kopuruak ere gora egin du. "Irailetik hona izugarrizko igoera izan da; iazko datuekin alderatuta, %40 erabiltzaile gehiago ditugu", dio Mujikak, harrituta, eta bi datu eman gura izan ditu: batetik, erabiltzaile kopuru gorena: 662 lagun, azaroan. Eta bestetik, alderaketa: 2012ko abenduan 352 lagun zebiltzan jardueretan eta 2017an, 646. "Abonatu kopurua eta jardueretako erabiltzaile kopurua oso lotuta daudela uste dugu". Athlonen ardurapean daude jarduera zerbitzua eta harrera, eta erabiltzaileak gustura daudela dio Mujikak: "Balorazioa positiboa da".

Datu ekonomikoak ere onak direla jakinarazi du. "Diru sarreretan eragina izan dute kopuru horiek; %6-7 egin dute gora iaztik hona. Dena den, gastuekin alderatu behar dira sarrerak, eta oraindik guztiz itxi barik daude kontuak, hainbat faktura daudelako ordaintzeko. Hortaz, aurrerago jakingo dugu autofinantzaketa maila zenbatekoa izan den 2017an. Orain dela urtebete, %80tik gora bukatu genuen, eta aurten ere hor ibiliko gara". Otsailean haizeteak eragindako kalteak ere kontuan hartu beharrekoak direla gogorarazi du: "Astebete itxi behar izan genuen. Bestela, datuak are hobeak izango ziren".

Bukatu berri den urtean, gainera, 2016an baino 218 ordu gehiago izan dute zabalik kiroldegia. "Hainbat proba egin genituen ordutegiarekin: domeka arratsaldeak zabalik, udako aste bukaerak intentsiboak… Eta 2018ari begira beste 97 ordu gehiago zabalik izatea erabaki dugu; hortaz, orain dela bi urte baino 315 ordu gehiago izango dira guztira. Hori guztia, herritarrei zerbitzu zabalagoa emateko helburuarekin".

Urte berriarekin nobedadeak

Urte berriarekin batera ordutegi berria du Ibarrak: 07:00etan zabalduko dute urte osoan. Horrek dakarren gainkostua estaltzeko %2,5 igo dituzte tasak, hala erabaki zuelako udalbatzak. Horrekin batera, beste aldaketa bat ere egingo dute: bigarren jarduera bat hartuz gero, osorik ordaindu beharko da, eta ez orain arte moduan, erdia. "Kiroldegi garesti fama izan du gureak, baina, jardueretan izena emanez gero, eskualdeko prezio merkeenak ditugu; kontuan hartu zerbitzu guztiak sartzen direla –spa gunea, gimnasioa…–".

Bost urte pasa osteko hausnarketa egin du Mujikak: "Erditze gogorraren ondoren, datuek eurek adierazten dute zein izan den kiroldegiaren bilakaera. Behin zorra ordainduta, hiru edo lau urte barru, zerbitzu-kalitate handiko instalazioa izango du Aretxabaletak". Eta gaineratu du: "Etekinak lortzea posible izango litzateke, baina helburua beti izan da zerbitzuak handitzea erabiltzailearen mesedetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak