Aratusteak iragartzeko kartel lehiaketa deitu du Udalak

Mirari Altube Arrese 2018ko urt. 4a, 12:01

Hilabete pasatxo geratzen da Aratusteetarako –otsailaren 11 da Aratuste domeka– eta Udala zein Karnabalen Lagunak dagoeneko hasi dira gertatze lanetan. Kultura Sailak kartel lehiaketa deitu du, beste behin.

Edozeinek parte hartu ahal izango du eta teknika librea izango da. Honako testu hau jarri beharko dakartelean: Aratusteak, Aretxabaleta 2018. Formatu digitalean aurkeztu ahal izango da eta paperean, berriz, DIN-A3 neurria izan beharko du.

Lanak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 15a da, astelehena; Arkupe kultura etxera eroan behar dira. Epaimahaiak hilaren 18an emango du sarituaren berri, eta irabazleak 200 euro jasoko ditu. Epaimahai hori osatuko dute Kultura batzordeko kideek eta herriko hainbat lagunek. Kultura batzordeak egoki iritziz gero, aurkeztutako kartel guztiekin erakusketa jarriko dute, gero, Arkupen.

Mozorroak gertatzeko lokala

Mozorroa gertatu gura dutenek aurten ere izango dute horretarako leku egokia. Industrialdean, Basabe jatetxearen atzeko partean dagoen lokala erabiliko dutela iragarri zuen Txapel Txinek orain dela egun batzuk, eta Karnabalen Lagunak taldekoek berretsi. "Goiz datoz aurten Aratusteak, eta lehenbailehen hasi gertatzen!", diote. Hain zuzen ere, gaur, urtarrilak 5, dute bilera Udaleko Kultura Sailekoek eta Karnabalen Lagunek lokalaren erabilera eta beste hainbat kontu zehazteko. Eta, ondo bidean, datorren astetik aurrera erabilgarri egongo da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak