Herriko gurasoek eta neskamutikoek Gabon kantuan hasiko dute domeka (Herriko Plaza, 10:30), txistularien laguntzarekin. Eguerdi partean, Mari Domingiren eta Olentzeroren bisita jasoko dute (Herriko Plaza, 12:00), eta gutunak eskutik eskura eman ahal izango dizkiete umeek. Iluntzean, ostera, Ibarra kiroldegitik (18:30) Herriko Plazarainoko ibilbidea osatuko du bikoteak, eta han kantuan egingo diete musika eskolako kideek.
Gabon egunotan Aretxabaletara gerturatuko diren pertsonaia bakarrak ez dira izango; abenduaren 31n Bizarzuriren txanda izango da (kiroldegitik irtenda, 18:30). Hark ere umeen gutunak eta musuak jasoko ditu gozokien truke.
Eta urtarrilaren 5ean, Errege magoak etorriko dira (18:30). Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek Leizarra musika eskolako musikarien laguntza izango dute kiroldegitik Herriko Plazarako ibilbidean.
Antzerkia, bertso saioa eta kontzertuak
Txalo Produkzioak Jainko basatia antzezlanarekin etorriko da abenduaren 26an Arkupera (19:30, 4 euro). Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Andoni Agirregomezkorta eta Tessa Andonegi izango dira oholtza gainean, bikote arteko liskarrak agerian utziko dituen komedia dramatikoan.
Otxandategi talde nafarrak, ostera, Abby Potxola emanaldia eskainiko du hilaren 28an, Arkupen (19:00, 4 euro). Abby haur senegaldarraren omenez egindako diskoan oinarritutako kontzertua izango da, Senegalgo egoera ikustarazteko sortutakoa, hain zuzen ere.
Abenduaren 29an, bi aukera izango dituzte herritarrek: batetik, goi mailako bertsolariek eskainiko duten saioa Arkupen (19:00, 4 euro). Han elkartuko dira honako hauek: Amets Arzallus, Agin Laburu, Uxue Alberdi eta Oihana Iguaran; Amaia Agirrek jarriko dizkie gaiak, hura ere bertsolaria. Eta bestetik, Aretxabaleta Abesbatzaren Gabonetako kontzertuaren emanaldia izango da parrokian (19:30).
Gabonetako parkeak
Umeek eta gazteek ez dute aspertzeko unerik izango opor egunotan. Ibarra kiroldegiak antolatuta, patinaje ikastaroa izango dute hilaren 27an (10:30- 12:30) eta puzgarriak 28an (10:00- 13:00).
Eta Gazteria Zerbitzuaren eskutik, Gabonetako parkea izango dute kiroldegian urtarrilaren 3an eta 4an (11:00-13:00 eta 17:00- 20:00) aukera mordoarekin: puzgarriak, mahai-jolasak, eskulan tailerrak, wii…
Gaztelekuak ere hainbat ekintza antolatu dizkie 12 eta 16 urte artekoei; besteak beste, mendi buelta, irteera berezia, bingoa eta gaztelekuko gazteen arteko topaketa Bergaran, hilaren 28an.
Eta kale hezitzaileek kale ekintza egingo dute hilaren 27an Iralabarri plazan (17:00): kamisetak margotu, txapak, perkusio saioa… 12 eta 18 urte arteko herriko gazte guztiak gonbidatu dituzte horretara