Estatuko bideo joko onenen artean –Play Station plataformarako– dagoen Dynasty Feud-en sortzaileetako bat da Jon Sanchez Herrasti –Kaia Studios– eta bihar, zapatua, bideo joko bat egiteko prozesuaren nondik norakoak azalduko ditu Arkupen. Bideo joko txiki bat egiteko aukera ere izango dute ikastarora doazenek: "Unity bideo joko motorra nola erabiltzen den landuko dugu eta honekin proiektu bat nola garatzen den ikasi", jakinarazi du Sanchezek, eta gaineratu: "Helburu nagusia bideo joko bat garatzeko prozesua ulertzea da eta horiek sortzeko jakin beharreko arloen berri emango dut, hau da, diseinua, programazioa eta artea". Bi orduko saioa izango da, eta lanerako ordenagailua norberak eroatea gomendatu dute antolatzaileek, Kultura Saileko kideek.
Bideo jokoen gainean zera dio Sanchezek: "Jaiotzatik jolasean gabiltzanak gero eta gehiago garenez, gero eta joko gehiago daude. Gainera telefono mugikorrek aukera erabat zabaldu dute, orain edozeinek dauka jolasteko gailu bat poltsikoan".