Azken urtean, edukiontzi multzo bat hirugarrenez erre dutela eta gaiari heldu behar zaiola "ez dute zalantzarik" EH Bilduko kideek: "Graziarik gabeko ganberrada izan da, batere gustatzen ez zaiguna. Luze jo dezake ekintza honen oinarriaz eta zergatiaz hitz egiteak, heldu beharreko gaia duda barik".
Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak Facebook bidez gertakizun horren gainean partekatutako argazkiak eta idatzia "hitzez hitz" eurenak egiten dituztela diote EH Bildukoek. Baina asko mindu dituen adierazpen bat ere irakurri dute Facebooken bertan: "Josu Ezkurdia izan da adierazpen horren egilea. Josu Ezkurdia ez da edonor: Eskoriatzako zinegotzia da, Gipuzkoa Buru Batzarreko kidea, Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioaren kontseilu-kidea eta Neiker-Tecnaliako zuzendari ohia da. Gertakizun honen harira hauxe idatzi du Josuk: Bildu, lotu zure txakurrak."
Eta gaineratu dute: "Ulertzen dugu batzuentzako difamazioa eguneroko lan erreminta dela, ulertzen dugu batzuk beste garai bateko egoeran erosoago sentitzen zirela eta nostalgia sentitzen dutela, eta oso ondo ulertzen dugu zelan eta nondik diseinatzen diren kanpaina batzuk. Gauza asko ulertzen dira horrela: a por ellos".
Ez daudela gertu halakorik onartzeko esan dute eta eskaera ere egin dute: "Eskatzen diegu EAJ-PNVko arduradunei Josu Ezkurdiaren hitzak ezeztatzea: Gipuzkoako zein Aretxabaleta eta Eskoriatzako EAJ-PNVko arduradunei".