“Euskararen erabilera indartzeko bidean egindakoa ospatzeaz aparte, egiteko daukaguna aurkeztu gura dugu”, adierazi dute Loramendi elkarteko kideek; festan giroan egin dute hori. Besteak beste, 11 egun euskaraz dinamika aurkeztu dute, 2018an Euskal Herri osoan garatuko den egitasmoa, hain zuzen; euskararen erabilera indartzea du helburu ekimenak.
Esan moduan, bada, festarako tartea ere izan dute herritarrek. Lehenik, musika eskolakoen emanaldia izan dute gozagai; hainbat abesti eskaini dituzte horiek, bertaratutakoek dantzan eta kantuan egin zezaten. Eta horren ostean iritsi da eguneko hitzordu nagusia: Ahoa bizi, belarriak prest! izeneko flashmob-a. Neska-mutiko eta guraso ugari bildu dira herriko plazan, euskararen aldeko doinuak dantzatuz.
Egunari bukaera emateko, bestetik, emanaldiari berrekin diote musika eskolakoek. Eta, bitartean, barruak berotzeko salda eskaini dute Basotxo erretiratuen elkartekoek.