Herriko euskalgintzak, Udalak eta hainbat elkartek euskararen bueltan bat egingo dute etzi. Eta herritarrak ere horretara gonbidatu gura dituzte: "Euskararen erabilera indartzeko bidean egindakoa ospatu eta egiteko daukaguna aurkeztu nahi dugu", adierazi dute Loramendi elkarteko kideek, eta deialdi zabala egin diete aretxabaletarrei: "Ondo pasatzeko tartea ere izango da; hortaz, domekan 12:30ean denok Herriko Plazara!".
'Flashmob'-a, salda eta musika
Euskara ardatz hartuta hainbat dinamika landu dituzte azken asteotan –Hitz egin eta E! Guraso–, eta horiei bukaera emango diete. Astean bertan beste ekitaldi batzuk ere izan dira; bertso liburuaren eta Jira bueltan bildumaren banaketak, esaterako.
E! Guraso dinamikaren amaiera ekitaldiarekin hasiko dute ospakizuna; azken asteotan bizitakoaren berri ematea da asmoa. Eta ondoren, 11 egun euskaraz dinamika aurkeztuko dute, hain zuzen, 2018an Euskal Herrian garatuko den egitasmoa. Ahoa bizi, belarriak prest! flashmob-a dantzatuko dute gero E! Guraso egitasmokoek eta herritarrak ere gonbidatuko dituzte, jai giroa sortze aldera. Basotxo erretiratuen elkarteko kideek salda beroa eskainiko dute, eta ospakizuna bukatzeko, Leizarra musika eskolako kideen emanalditxoa izango da.