Opariz bete-betetako Gabonak iragarri dituzte

Mirari Altube Arrese 2017ko aza. 30a, 17:41

Zangitu, Uribarren, Iturbe, Miguel eta Elexpuru ekitaldien berri ematen.

Moda desfilea, neguko azoka, gaztaina-saltzailea, herrian erosteko bonuak, Karmele Igartua sorkuntza bekarekin sortutako antzezlana, liburu aurkezpena, Gabonetako kontzertua eta gehiago izango dira abenduan, Kultura Sailari eta Aretxarteri esker.

Udaleko Kultura Sailak, Aretxarte merkatarien elkarteak, Kurtzebarri eskolak eta AZ Gaubelak bat egin dute, Gabonei begira, abendurako antolatu dituzten ekitaldi guztien berri emateko. Azoka, hitzaldiak, bertso emanaldia, kontzertuak, antzerkiak eta gehiago iragarri dituzte.

Herrian erosteko deia

Abenduan sartzearekin batera Aretxarte merkatarien elkarteko kideek zigiluen kanpainari ekin diote. Udalarekin batera sortutako bonuak ere gaur jarri dituzte salgai, Arkupen; 20 euro ordainduta 30 euroko txartela jasoko dute herritarrek. Gaztaina saltzailea aurten ere gonbidatu dute eta hiru egubakoitzetan etorriko da: 15ean, 22an eta 29an. "Aretxarteko kideok txartelak banatuko ditugu bezeroen artean, gaztainak debalde jateko", jakinarazi du Idoia Elexpuruk. Egutegiak ere banatuko dituztela iragarri du, abenduaren 18tik aurrera. Eta azaroaren 16an eta 17an neguko azoka egingo dute, hirugarrenez, Herriko Plazan. "Horri hasiera emateko desfilea izango da hilaren 15ean, 18:30ean, karpa azpian". Eta erakusleiho lehiaketa ere egingo dute, beste urte batez. Herritarrak herrian bertan erostera anima daitezen, Atxabaltan be kriston aukeratzarrak daz! leloarekin bideoklip dotorea egin dute AZ Gaubelakeko kideek Kepa Errasti aktorearekin batera eta Aitor Ziardegi musikariaren laguntzarekin.

Hitzaldiak eta emanaldiak

Kultura ekitaldiek ez dute hutsik egingo Arkupen. Hilaren 9an, esaterako, Jianan Tian akordeoilari txinatarrak kontzertua eskainiko du; eta abenduaren 12an, Oier Araolaza antropologoak neguko festen gaineko hitzaldia egingo du: Halloween, Olentzero, Karnabalak… noruntz doaz gure neguko festak? Loramendirekin elkarlanean antolatu dute. "Hilaren 14an, aretxabaletar jatorria duen Elena de Pereak bere bizipenetan oinarritutako Micaleidoscopio liburua aurkeztuko du", esan du Joxe Migel Uribarren zinegotziak. Horiez gain, dantza emanaldiek, bertso saioak, Aretxabaleta Abesbatzaren Gabonetako kontzertuak eta antzerkiak ere izango dute tokia abenduan. Gainera, hilaren 4tik 30era bitartean Idoia Elexpururen eta Enrique Iglesiasen margolanak izango dira ikusgai.

Karmele Igartua sorkuntza beka

Antzerkiaren atalean lan berezia izango da Arkupeko oholtzan: "Karmele Igartua sorkuntza bekaren iazko irabazle Alaitz Olaizolak idatzitako Sugegorriak lana egingo dute ikasleek hilaren 18an, 19an eta 20an", jakinarazi du Kurtzebarri eskolako Lehen Hezkuntzako zuzendari den Maria Eugenia Iturbek. Eta hilaren 30ean, aurtengo sorkuntza bekaren sari banaketa izango da.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak