Astea euskaraz berbetan jarraitzen dute gurasoek eta E! Guraso ekimenari hirugarren taldekoek ekin zioten astelehenean. Txapak hartu eta paparrean jarri zituzten horiek "ondo ikusteko moduan"; bigarren taldekoek, ostera, astearen balorazio orriak ekarri zituzten beteta.
Datorren astelehenean bilera
150 aretxabaletarrek baino gehiagok egin du bat ekimenarekin, eta 50 laguneko hiru taldetan banatuta jardun dute astebetez euskaraz e! txapak paparrean hartuta. Guraso horiei balorazioak eta bizi izandakoaren azalpenak eskatu dizkiete antolatzaileek, eta behin guztiak jasota horien berri emateko elkartuko dira. Bilera egingo dute astelehenean, hilaren 27an, 18:00etan, udaletxeko ganbaran: "Ekimenak eman duenaren berri emango diegu, deskargua egin, eta azken aste honen gaineko argibideak eman. Izan ere, asmoa da bukaera ematea guztiok elkarrekin". Azken astean guztiek izango dute txapa jantzita.