Baltistango umeei elkartasuna adierazteko jaialdia egingo dute egubakoitzean

Mirari Altube Arrese 2017ko aza. 23a, 08:30

Eneko Haritza kontalaria munduko ipuinak kontatzen martitzenean.

Ikasteko eskubidea dutela Pakistango herrialde horretako neska-mutikoek aldarrikatuko dute Herriko Plazan egingo duten Elkartasun Jaialdian eta haiei laguntzeko dirua batzea da asmoa.

Haurren eta nerabeen eskubideen gainean jardun dute lanean azken egunotan herriko neska-mutikoek, azaroaren 20ko Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira. Guraso Foroaren proposamena izan da, eta ikasteko eskubidea hartu dute lanketarako oinarri. Hain zuzen horren gainean egindako bertsoak eta marrazkiak egin dituzte Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako neska-mutikoek, eta lan onenak martitzenean saritu zituzten. Komentuan egindako ekitaldia Eneko Haritza kontalariak munduko ipuinak kontatuta bukatu zuten.

50 euroko bonuak 

Aretxabaletako Guraso Foroak Baltistan Fundazioarekin lan egitea erabaki du, jakinik Baltistanen oraindik ere erronka dela neskatoen hezkuntza eskubidea. Hori aldarrikatzeko eta haiendako laguntza batzeko Elkartasun Jaia egingo dute egubakoitzean, azaroaren 24an, Herriko Plazan, 17:00etan hasita. 

Umeendako eskulanak eta muralak egiteko –euro baten truke– mahaiak gertatuko dituzte ludotekako kideek, eta ondoren, txokolate beroa eta bizkotxoa eskainiko dituzte bi euroren truke –bizkotxoak egiteko boluntarioak behar dituzte; horiek 17:00etarako plazara eraman behar dira–. Eta Txurru DJak girotuta haurrendako berbena izango da 18:30etan hasita. 

Dirua batzeko itsulapikoak jarriko dituzte eta 50 euroko bonuak ere izango dira. Bonu bakoitzarekin neskato baten urte osoko eskola gastuak estaltzen direla jakinarazi dute Guraso Foroko kideek. Elkartasun Jaian jasotako dirua hain zuzen, bonuak erosteko erabiliko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak