UDAko jokalariek indartsu irten dute Ibarra kiroldegiko kantxara. Parean lider den Alipendi zuten, eta etxekoek argi zeukaten, garaipena lortzeko aukeraren bat izatekotan euren maila onena erakutsita izango zela. Gogotsu irten dira Arkaitz Riberaren jokalariak, baina lesioak tarteko, argi geratu da ekipoa ahulduta dagoela. Hala ere, euren jokoa egitea lortu dute, eta une askotan bisitariak baino maila hobeagoa erakutsi dute.
Aukera ugari izan dituzten arren, etxekoek gol bakarra baino ez dute sartu: "Alipendik ondo aprobetxatu ditu bere aukerak, guk ostera ez ditugu gure jokaldiak borobildu", argitu du Riberak. Etxekoak ezinean ibili dira, eta Araiakoek partiduaren kontrola bereganatu bezain pronto lau aldiz gainditu dute UDAko atezaina.
Aretxabaletan lortutako puntuei esker, Alipendik txapelketako buru jarraitzen du, eta UDAk aldiz, ez du atzeko postuetatik irteteko aukerarik izan.
Atsedenaldiaren zain
Ribera entrenatzaileak azaldu duenez, taldeak atseden hartzea behar du: "Lesionatutako jokalariak berreskuratu behar ditugu sailkapenean gora egiteko". Orain arte ligan egindakoak aztertuz gero, argi dago Riberak arrazoi duela, jokalari guztiak izandako jardunaldietan lortu dute-eta garaipena.