Eskarmentu handia du Areantza auzoan bizi den pintoreak, eta udazken eta negu sasoia oso gustuko du margotzeko: "Udazkeneko koloreak eta argi-itzalak, elurraren argitasuna... Asko disfrutatzen dut", dio. Eta gehienak inguruko paisaiak dira: "Aretxabaleta inguruko txokoak, Urbia...". Azken urteotan egindako lanak dira Taberna Berrin jarri dituenak, batzuk tabernan daude eta beste batzuk jangelan.
20 urtetik gora margotzen
"Margotzea ez da bat-bateko kontua. Prozesu luzea dago koadro baten atzean: pentsatu zer erakutsi nahi den, buruan irudikatu, bozetoa egin...", adierazi du Mujikak eta gaineratu: "Beste batzuen erakusketetara joaten ere ahalegintzen naiz, beti ikasten da eta". Eta horretarako handik edo hemendik denbora ateratzen saiatzen da: "Udazken sasoian denbora gehiago hartzen dut margotzeko, baina beste sasoi batzuetan gutxiagorekin konformatu behar", dio.
Umetatik du gustuko margotzea eta dagoeneko 20 urtetik gora daramatza horretan. Argi du, gainera, eboluzio bat izan duela. "Errespetu handia" die kritikei, baina era berean, egindako lana erakustea gustuko du; horregatik sarri jarri izan ditu erakusketak.