Baltistango hezkuntzarako eskubidean laguntzeko, elkartasun jaia hilaren 24an

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko aza. 8a, 12:57

Azaroaren 20an Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko eguna ospatzen da, eta aurten lehen aldiz Aretxabaletan egun horren baitan egitarau berezia prestatu dute. Ekitaldi nagusia hilaren 24an egingo da Herriko Plazan eta jasotako dirua Baltistango neskatoei hezkuntzarako eskubidean laguntzeko bideratuko da.

1959ko azaroaren 20an, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Aldarrikapena egin zuen Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak. Aldarrikapen horretan haur eta nerabeen eskubide unibertsalak finkatu ziren oinarrizko hamar printzipiotan laburbilduta.

Harrezkeroztik, azaroaren 20an, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Eta aurten, Aretxabaletan, lehen aldiz prestatu dute egun horren baitan egitarau berezia.

Egitasmoa Guraso Foroak eta Aretxabaletako Udalak bultzatu dute, Kurtzebarri eskolaren, Arizmendi ikastolaren eta Algara ludotekaren laguntzaz, eta ikastetxeetan gaia landuko da Aitor Gabilondo zinegotziak azaldu duen bezala: "Ikastetxeetan, eskubideak zeintzuk diren azalduko zaie haur eta nerabeei, eta munduko zenbait lekutan bizi diren egoerei buruzko hausnarketa bultzatuko da".

Hilaren 24an, elkartasun jaia

Ekitaldi nagusia hilaren 24an Herriko Plazan egingo den elkartasun jaia izango da. Guraso Foroak oinarrizko hamar eskubidetatik bat aukeratu du, hezkuntzarako eskubidea, hain zuzen, eta esparru horretan lan egiten duen Baltistan Fundazioarekin jarri da harremanetan, jai horretan jasotako dirua elkarteak babesten dituen haurrei laguntzera bideratzeko. Hain justu, Pakistango Baltistan herriko Husé bailan neskentzat heziketarako eskubidea erronka da oraindik, eta neskatoak eskolaratzeko fundazioak daukan kanpainan laguntzeko bideratuko da jasotakoa.

Baltistan Fundazioa urtetan ari da neskak eskolaratzeko dirua batzen 600 bonu, 600 neskato deritzon kanpainaren bitartez. Bonu bakoitzak 50 euro balio du, eta bakoitzarekin neska baten urte osoko eskola gastuak estaltzen dira. Aretxabaletako jaian jasotako dirua, bonuak erosteko erabiliko da.

Horrez gain, Gabilondok gaineratu du ikastetxeen bidez datorren ikasturtean Baltistango eta Aretxabaletako haurrak harremanetan jarriko direla, elkar ezagutu eta euren arteko komunikazio bide bat zabaltzeko.

Egitaraua

Hilaren 16an, eguena, hitzaldia izango da Baltistan Fundazioaren eskutik 18:30ean, udaletxeko ganbaran. Hilaren 20an, astelehena, marrazki eta bertso lehiaketaren sari banaketa egingo da komentuan 18:00etan, eta ondoren, Eneko Haritzak munduko ipuinak kontatuko ditu.

Hilaren 24ko jaialdia izango da ekitaldi nagusia eta Herriko Plazan hainbat ekintza egongo dira 17:00etatik aurrera: eskulanak egiteko aukera, txokolatea eta bizkotxoa, haur berbena DJ Txurruren eskutik eta elkartasun mahaia, bertan elkartasun bonuak egongo dira salgai eta itsulapikoak ere izango dira.

Elkartasuna agertzeko hainbat modu daudela azpimarratu du Guraso Foroko partaide Idurre Uribarrenek: "Antolatzaileok herritar guztiak animatu nahi ditugu jai honetan parte hartzeko. Modu asko daude elkartasuna agertzeko: izan daiteke itsulapikoan borondatea botata, etxean egindako bizkotxoa ekarri guk saltzeko, eskulanak egin, txokolatea eta bizkotxoa jan, bizkotxoa erosi, eta 50 euroko bonuak erosiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak