Ume koxkorrak dituzten gurasoei astean "kalitatezko ordubete" eskaini gura diete antolatzaileek. Mugimenduaren bitartez harremana estutzea eta, era berean, norberarekiko eta elkarrekiko konfiantza sendotzea direla helburuak dio Zigor Lasagabasterrek, ekimenaren sustatzaileak: "0 eta 6 urte artean, betiko geratzen diren gauza asko sortzen dira. Hau oinarri hartuta, zergatik ez oparitu kalitatezko uneak gure umeei? Gainera, gurasoek aukera izango dute umearekin inongo distraziorik gabe egoteko, elkarrenganako lotura hori lantzeko eta sendotzeko".
Inprobisazioa oinarri duen kontakt dantza du ardatz metodologiak, eta zehaztutako ariketak oinarri hartuta umearekin jolas egingo dute: "Bikote arteko kontaktu fisikoak pisu handia du, baita lurrean izaten diren ariketa-jolasek ere. Hori guztia musikarekin lagunduko dugu eta gurasoek umearekin goxo-goxo egoteko aukera ere izango dute". Lasagabasterrek berak gidatuko ditu saioak.
Talde berriak, ariketa berriak
Iazko denboraldiak emandakoarekin pozik agertu da Lasagabaster: "Pozik ibili ginen. Hamabost bat bikote pasatu ziren saioetatik, eta bizitako uneak konpartitzea plazer handia izan zen". Aurten, taldea hazi egin da; izan ere, Jaiki elkarteko kideek ere hartuko dute parte.
Hori horrela, denboraldi berriarekin talde berria osatuko dute, eta hortik nobedadeak etor daitezkeela dio: "Berritasunak taldearen arabera etorriko dira. Iazkoek jarraituz gero, poliki-poliki sartuko ditugu ariketa berriak. Bikote berriak etortzen badira, ostera, oinarritik hasiko gara eta joango gara taldearen erritmoa errespetatuz proposamen berriak sartzen. Oso garrantzitsua da taldea bere osotasunean entzutea eta errespetatzea, nork bere erritmoa du eta".
Kuartel zaharrean elkartuko dira saioetarako, eta izena emateko epea zabalik dute; hona bideak: farrebarre@gmail.com, 688 84 37 01 eta kukumikuelkartea@gmail.com. Prezioa 60 euro da –gurasoa eta umea, sei saioak–.