Zabaldutako oharrak honela dio:
"Alternatibak bere militante borrokalarienaren heriotza deitoratzen du, Hector Prieto Aretxabaletako zinegotzia
Atzo, urriaren 26an, albiste lazgarria jaso genuen, Hector Prieto Rosado Alternatibako kide eta Euskal Herria Bildu zinegotziaren heriotzarena. Galera mingarria, Euskal Herria justu eta solidarioago baten aldeko borrokan izan dugun militante borrokalarienaren umezurtz utzi gaituelako. Gaztea bazen ere, beste inork ez bezala jakin izan du bizitzaren minutu bakoitzari zukua ateratzen, mundua hobea eraikitzea iparrorratz zuela.
Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak galera honek eragindako samina adierazi nahi du, eta bere senide, Pepi Rosado eta Jose Ramon Prieto gurasoei bereziki, eta hurbilekoei dolumina agertu nahi die. Haiekin guztiekin partekatzen dugu Hector ezagutu izanaren harrotasuna, eta bere bizitzari aurre egiteko moduaz zipriztindu izana. Oztopo handia jarri zion patuak, endekapenezko gaixotasun bat hain zuzen ere, baina ausardiaz egin zion aurre eta muga fisikoen gainetik, kezkaz beteriko adimen iraultzaileak hegan egiteko gai izan zen.
Hectorrek betidanik maitatu izan zuen historia, argi zuen iragana ezagutu ezean, akats berdinak errepikatzeko joera duela gizateriak. Zailtasunak zailtasun, eremu honetan ikasketak egitea lortu zuen, lizentziatura eta master bat eginda, baina baita ere bere ideia eta idazkiak hainbat blogetan jasoz. Babeslekua zen historia harentzat eta, maiz, lerro batzuk eskaintzen zizkien Buenaventura Durruti, James Connolly edota hainbeste estimatzen zuen Ernesto Che Guevara komandanteari.
Ezkerreko militante gisa, pertsona guztiak duintasunez eta elkarri kontra egin gabe biziko ziren mundua zuen amets. Eta bere harri-koskorra jarri zuen helburu horretan, Alternatiban militatzen eta harago ere joanda, izan ere, 2015eko udal hauteskundeetan Aretxabaletako EH Bilduren zerrendetan parte hartu zuen, herritarren babesari esker, zinegotzi atera zela.
Gazte joan zaigu, 34 urterekin, baina medikuen aurreikuspen guztiak gaindituta eta, batez ere, bere bidea zentzuaz eta konpromisoaz jantzita. Hector joan zaigu, baina bere eredua utzi digu, inoiz aipatu zuen Hellen Keller idazle eta aktibista itsu eta gorraren aipua egi bilakatu baitzuen: "Ezin diozu zure buruari onartu arrastaka joatea gogoak hegan egiteko eskatzen dizunean".
Sit tibi terra levis Hector, agur eta ohore."