"Halloween jaia indarra hartzen dabil herri askotan eta ohitura hori geure egiten saiatu gara. Izan ere, ez da jai arrotza, gurean ere halako ekitaldiak egin izan dira, arbasoek adierazi digutenez", azaldu du Martin Berrizbeitiak, Loramendiko teknikariak. Behin girotze lanak bukatuta, martitzen iluntzea noiz iritsiko zain daude.
Suaren bueltako ikuskizuna
Lehenengoz egingo den ospakizunerako kantu dotorea gertatu dute: Oilarrak kukurruku ta astuek arrantza, zerbaittek aztoratute jaiki die antza! Arima txuriz bete da gure gaba baltza, hilddekuek eta bizixak, dantza eta dantza! Hori abestuta joango dira Mitarte kaletik Herriko Plazaraino (19:00).
Zelan jantzi ere zehaztu dute horretarako: alkandora koadroduna eta fraka ilunak, abarkak oinetan eta lastozko kapela; aurpegian, ostera, izara zuria eta begi zuloak beltzez margotuta. "Arbasoek esandakoetatik, eta beste herri batzuetako ospakizunetan ikusitakoetatik hartu ditugu ideiak", adierazi du Larraitz Garai ludotekako hezitzaileak.
Plazara iritsitakoan (19:45) ekitaldi nagusia izango da, ezustekoz betetako ikuskizuna: "Suaren inguruan izango dela bakarrik aurrera genezake", dio Garaik, eta gaineratu du: "Herritarrok antolatu dugu herritarrek parte har dezaten; umeen aitzakian elkartu eta helduendako ere bada jaia. Hortaz, animatu eta etorri!".