Futbol zelai berriaren proiektua, egokitzera

Xabier Urtzelai 2017ko urr. 26a, 20:47

Jokalari gaztetxoak, Ibarran egindako topaketa batean. Goiena

Aste barruan Unai Elkoro alkateak hainbat gairen gaineko errepasoa egin du Goiena telebistako 'Harira' saioan. Futbol zelai berriaren gaineko proiektua dela eta, Udalak hasieratik hartutako konpromisoa berretsi du; herena ordaintzeko gertu daude.

Gehiago edo gutxiago, baina otsaileko haizete gogorrak Ibarrako kiroldegian eragindako kalteek eragina izan dute Aretxabaletako Udalak aurretik zituen egitasmoetan –470.000 euro inguru behar izan dira konponketak egiteko–. Hori izan zen martitzenean, Harira saioan, Unai Elkoro alkateak mahai gainean izan zuen gaietako bat. Hala ere, futbol zelai berriaren proiektua delaeta –kiroldegi aurrean dagoen belardian egingo zena– alkateak duela urte eta erdi UDArekin hartutako konpromisoa berretsi zuen: "Orduan esan genuen Udalak herena jarriko zuela, UDAk beste herena, eta ahalegina egingo zela aurrekontuaren hirugarren zatia Gipuzkoako Futbol Federazioaren gain jartzeko. Udala konprometitu zen 100.000 euro jartzera, eta konpromiso horrek bere horretan jarraitzen du, jakin badakigulako UDAk zailtasun handiak izaten dituela talde guztiendako entrenamendu orduak jartzen".

Hazi egin da jokalari kopurua Azken urteotan harrobiko futbolean parte hartzeko eta errendimenduko antolaketa egiten denetik jokalari kopurua asko hazi da: "Aretxabaletako Udalak bat egiten du UDAk harrobiarekin duen filosofiarekin, hau da, badakigu ahalegin handia egiten dabiltzala jokalari guztiei lekua egiteko, inor kanpoan ez uzteko. Eta, horretarako instalazio egokiak behar dituzte, baina ikusten dugu hasiera batean egin zen proiektua moldatu egin beharko dela egungo egoerara, garestia zelako. Merkatu egin beharko dugu proiektu hori, ala finantza iturri berriak bilatu beharko ditugu. Izan ere, obra dezente handia da. Ostera ere mahaiaren bueltan jarri eta gaia aztertu beharko dugu". 

Agurtzane Elkoro: "Futbol zelai berria ezinbestekoa da".

Futbol zelai berriaren egitasmoaren gainean galdetuta, UDAko presidente Agurtzane Elkorok oso garbi du zein den egungo egoera: "Proiektu hori ezinbestekoa da guretako, taldeak kabitu ezinik ditugulako Ibarran. Talde batzuek aste barruan 23:00etan amaitzen dituzte entrenamendu saioak; pentsa zein den egoera...". Azken urteotan asko aldatu da futbol harrobiko filosofia, baina ez Aretxabaletan bakarrik, Gipuzkoa osoan. Garai batean, onenek egiten zuten aurrera, eta klubek talde kopuru mugatuak zituzten.

Egun, berriz, klubek ahalegin berezia egiten dute inor ez baztertzeko, eta UDAn ere horretan dihardute: "Bostehun neska-mutiko ditugu Aretxabaletan, 21 talde guztira. Harrobian geroago eta talde gehiago ditugu, eta, zorionez, geroago eta emakumezko gehiago dira futbolean dabiltzanak, baina eskaini behar dugun zerbitzuak gaur egungoa baino hobea izan behar du. Izan ere, egun, talde askoren entrenamendu saioak ordubetera mugatzen ditugu, ez dago denbora gehiago. Horregatik diogu bigarren futbol zelai bat egitea ezinbestekoa dela jokalari horiek guztiek lekua izan dezaten. Egia da Udalarekin batera egindako lehenengo aurre-proiektu edo bozetoa garestia zela; buruz nabil, baina 400.000 euro pasatxokoa zen. Bada, hor moldaketak egin beharko ditugu eta zerbait merkeagoa egin, baina behar-beharrezkoa da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak