Energia kooperatibarekin "ezer egin ez izana" salatu du EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2017ko urr. 25a, 18:00

2015eko urriaren 22an udalbatzak aho batez onartu zuen EH Bilduk energia kooperatiben gainean aurkeztutako mozio bat, eta talde horrek salatu du orain, orduan hartutako erabakia ez duela bete Udal gobernuak.

Hartutako konpromisoa zein izan zen gogorarazi dute EH Bilduko kideek: energia kooperatiba baten bazkide egitea; mota horretako enpresa baten bidez kontratatzea 10 kilowatt baino gutxiagoko argindar kontratu guztiak; eta herritarrak animatzea hori egitera. "Udal gobernuarekin beste akordio batetara ailegatu ginen bitartean; kale argiteriaren led teknologia ezartzen zenean egingo zela aldaketa. Eta tarte luze horretan Udal gobernuak ez du ezer egin momentua ailegatu zenerako dena prest edukitzeko", adierazi du Ion Albizu zinegotziak. Led argiak irail erdian jarri ziren.

Bitartean, kontratu zentralizatu bateko proposamena (argindarraren kontratazioa Gipuzkoa mailan egiteko) ailegatu zitzaiola Udalari dio Albizuk. "Iraileko bi gobernu batzordeetan gaia aztertzeko eskatu genuen. Eta gu prest geunden ahal genuen guztian laguntzeko", dio eta gaineratu du: "Urriaren 6an bukatzen zen epea erabaki bat hartzeko, eta Gobernu batzordean gaia ikertzeko erabakia hartu arren ez zen ezer egin. Hala, Udal teknikoak Diputazioarekin sinatu behar izan zuen".

Konpromiso horrek "bi urtetarako lotu" duela Udala diote EH Bilduko kideek, eta horren gaineko erabakia "hurrengo agintaldiko gobernuak hartu beharko duela: "Aukera paregabea galdu dugu. Aukera ederra eman diogu berriro ere energiaren oligopolioari gure energiarekin negozio itzela egiteko. Horregatik esan nahi diogu Udal gobernuari pilak jartzeko. Uste dugu hartu zen erabakian benetan ez zutela sinisten, eta nahiz eta gure prestasun osoa eduki ez dute ezer egin".

Hala eta guztiz herritarrak animatu gura dituzte "Goiener moduko kooperatiba batekin" argindarra kontratatzera: "Oso erraza da. Denon esku dago errealitatea aldatu eta beste bide batetik joatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak