UDAk 0-2 galdu du Pasaiaren aurka

Imanol Beloki Unamuno 2017ko urr. 22a, 18:58

Erregional Ohorezko mailako UDA futbol taldeak ezin izan du garaipena lortu Pasaiaren aurkako partiduan. 0-2 galdu dute partidua, aurkarien bi gol eder jasota. Partiduari buelta ematen saiatu diren arren, ezin izan dituzte etxean hiru puntuak lortu.

Ibarran jokatu den partiduan, pasaitarrak gehiago izan dira, eta UDAko jokalariek ezin izan die aurre egin euren jokoari.

Lehen zatian, hainbat aukera izan ditu Aretxabaletak, eta Pasaiakoek, berriz, gutxiago izan arren, aukera garbi bat izan dute, defentsan gertatutako akats bati esker, eta aprobetxatu egin dute. Baselinaz izan da gola, 30. minutu aldera, eta hala amaitu dira lehen 45 minutuak.

Omenaldia atsedenaldian

Atsedenaldian, berriz, hainbat pertsona omendu dituzte. Batetik, Beñat Orobengoa, eta Aritz Igartua, jokalari eta kapitain moduan egin dituzten urte guztiengatik, eta bestetik, Alex Elortondo. Azken honek, Pasaia taldeko jokalari guztiek sinatutako kamiseta jaso du.

Bigarren zatian, erasora jo dute gehiago UDAko mutilek, baina ezin izan dute golik sartu. Jokaldi batean, epaileak Zaitegiri egindako penaltia adierazi du, baina marrazainari kasu eginez txartel horia atera dio lurrera nahita bota delakoan. 67. minutuan, jokaldi eder bati esker sartu dute bigarrena, eta hala, 0-2 amaitu da partidua.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak