Gastronomia eta Folklore jaia gura beste jateko eta edatekokin dator

Mirari Altube Arrese 2017ko urr. 20a, 18:00
Galizia etxeko ordezkariak olagarroa gertatzen iazko jaialdian.

Domekan ospatuko dute 21. Gastronomia eta Folklore Jaia, eta, beste behin, Galizia, Extremadura, Gaztela eta Leon, Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuko dituzten postuak izango dira Herriko Plazan, baita kantu eta dantza emanaldiak ere.

Arrakasta handiarekin ospatzen den urteroko jaiaren hitzordua 21.ez iritsi da. Gastronomia eta Folklore Jaiaren bueltan elkartuko dira domekan (10:00-14:30) hainbat jateko eta edateko eskainiko dituzten bost autonomia erkidegotako taldeak; eta zelan ez, horiek dastatzeko gertu izango diren herritarrak zein bisitariak.

Olagarroa, txorizoa eta ardoa

"Aparteko nobedaderik ez dago aurtengo ospakizunean; betiko lez, jai giro bikaina izango dugu. Eta ez dago euriaren beldurrik, Herriko Plazako aterpeak babestuko gaitu eta", adierazi du Martin Garai antolatzaileak.

Errioxako ordezkariek txorizoa, urdaiazpikoa, beste hainbat hestebete eta ardoa ekarriko dituzte. Eta Voces del Ebro taldekoek kantu saioa eskainiko diete elkartutakoei. Donostiatik etorriko diren Galizia etxeko ordezkariek olagarroa gertatuko dute, urtero lez, eta herritarrak horren zain izango dira. Horrez gain, gaita doinuekin girotuko dituzte plaza inguruko bazterrak.

Gaztela eta Leongo ordezkariek ere ekarriko dute jatekoa eta edatekoa, pastak eta gailetak, adibidez, eta Laudioko San Fernando taldekoek dantza erakustaldia egingo dute. Eta Arrasateko Corazon de Encina kultur elkarteko extremadurarrek ere ez dute hutsik egingo.

Aratz eta Basotxo

Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuko dute Aratzek eta Basotxoko kantu taldeak. Adimen urritasuna duten elkarteko kideek bertako produktuekin egindako mokadutxoa eskainiko dute edatekoarekin batera. Basotxoko kantu taldekoek, ostera, abesten jardungo dute eguerdi partean. Herriko kantariekin eskualdeko beste hainbat erretiratu elkartetako kideek egingo dute bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak