Herriko pilotariek ekin diote denboraldiari. Gogotsu hasi dituzte entrenamendu saioak, eta, erronka handirik jarri barik, pilotaren bueltan gozatzea da helburua, ahalik eta emaitza onenak lortuta.
50 gazte inguru
Astelehen, martitzen eta eguazten arratsaldeetan Aretxabaleta Kirol Elkarteko pilotariek dute txanda Iturrigorri pilotalekuan. Itogin kontuak dagoeneko ahaztuta Udalak egindako lanei esker, baldintza ezin hobeak dituzte orain. 5 eta 25 urte arteko 50 bat elkartzen dira, guztiak ere jokatzeko eta ikasteko ilusioarekin. "Garrantzitsua da gustura etortzea, eta neska-mutiko hauek oso gustura datoz. Pentsa, 5 urtekoak ere hurbiltzen dira pilota esku artean ibiltzera", adierazi du Jon Etxebarria entrenatzaileak. Mutikoak dira gehiago aurten ere: "Baina badaude bi neska. Horiek ere oso gustura hasten dira; arazoa izaten da pilota gogorretara salto egin behar izaten dutenean. Pena da, baina une horretan gehienek utzi egiten dute. Hala ere, probatzeko esango nieke, gure ateak zabalik dituzte". Etxebarriarekin batera Unai Errastik ere jardungo du entrenatzaile lanetan.
Kadeteetatik gazteetara
Helburu zehatzik ez dute jarri. "Ondo lan egin, eta emaitzak etorriko dira", dio; izan ere, pilotarekin gozatzea dela garrantzitsua uste du.
Ondo egindako lanaren emaitzak jaso zituzten iazko denboraldian Aritz Zugastik eta Ibai Lasagabasterrek; txapeldunak izan ziren Udaberri Txapelketako hirugarren mailako kadeteen artean, eta Zugastik Gipuzkoako lau t'erdiko txapelketa ere irabazi zuen. 16 urteko bi gazteek, aurten, gazte mailara egin dute salto, maila bat gorago: "Iaz nagusiak geu ginen; aurten, ostera, gazteenak izango gara eta gu baino hiru urte nagusiagoen aurka jokatu beharko dugu. Ez da samurra izango", onartu dute bi gazteek. Hala ere, horrek ez ditu kikildu, eta, iaz hirugarren mailan jokatu bazuten ere, aurten bigarren mailan izena ematea erabaki dute: "Horrek esan gura du hobeekin jardungo dugula", argitu du Zugastik.
Izen-ematea zabalik
Entrenamendu saioak hasita egon arren, oraindik izena emateko aukera badago. Taldea ezagutu gura izanez gero edo zelan lan egiten duten ikusi, pilotalekura hurbiltzea nahikoa da. Argibideak emateko gertu izango dira taldearen arduradunak