"XVI. mendeko dokumentuetan dagoeneko agertzen da Oro", azaldu du Antxiak eta gaineratu: "Bi ermita zeuden San Martin eta Sanjuangoa eta horien berri ere emango dugu. Eta Iturralde baserriaren armarria ere aztertuko dugu". Gainera, Jesus Osinaga auzotarrak egingo die lagun eta hango bitxikeriak eta kontu zaharrak azalduko dizkie elkartutakoei Antxiarekin batera.
Larrino elizatera joko dute handik, eta besteak beste, Telleria baserria –teilak egiten zituztena– eta Uribe baserria –Juan de Uriberen jaioterria– bisitatuko dituzte. "Elizan ere sartuko gara, XVIII. mendeko aldare kuriosoa ikustera eta elizpean ere badago zertxobait", dio Antxiak.
Domekan, herriaren erdigunea
Datorren domekan, urriaren 15ean, ostera, Aretxabaletako erdigunea erakutsiko du Antxiak, Debagoieneko Mankomunitateak antolatutako Ezkututxo altxorrak ekimenaren barruan. Kanposantuan hasi (12:00) eta Durana kale bukaeraraino iritsiko dira, kuarteletik eta udaletxeko lorategitik pasatu ostean. Bisita gidatua aldez aurretik eskatu behar da –turismo@debagoiena.eus edo 943 79 64 63–.