Umorea ardatz duten antzezlanak asteburuan

Mirari Altube Arrese 2017ko urr. 6a, 19:18

'Etxeko saltsak' antzezlaneko une bat.

Gaur, egubakoitza, bi bikoteren arteko gorabeherak eskainiko ditu Txalo Produkzioak Etxeko saltsak komedian, eta bihar, Javier Liñerak nazien Alemaniako gayen bizipenen berri emango du Barro rojo-n; domekan ostera, Zirika Zirkus dator umeendako.

Ikasleei eskainitako emanaldiekin jarri du abian Kultura Sailak Antzerki Hilabetea eta asteburuan goia joko du.

Txalo Produkzioak Etxeko saltsak lanarekin dator gaur, egubakoitza, Arkupera (22:00). Eskarmentu handiko aktoreak elkartuko dira –Ane Gabarain, Aitziber Garmendia, Miren Gojenola, Mikel Laskurain eta Aitor Fernandino– eta Alan Ayckbourn antzerkigile eta zuzendari ingeles ezagunaren komedia korapilatsua taularatuko dute.

Bihar, ostera, Barro rojo eskainiko du Javier Liñerak (Arkupe, 22:00). Nazien sasoiko Alemanian gayek bizi izandako errepresioaren berri emango du Liñerak berak sortutako, eta umore eta drama ukituak dituen, antzezlanean.

Umeek Zirika Zirkus izango dute domekan (17:00). Lara eta Larika izeba-ilobak ipuinak kontatzera etorriko dira.

Herritarrei lekua 

Herriko aktoreak ere hartu dituzte aintzat. Hala, Txaro Gallegok performancea egin du kalean hilabete horren berri emateko, eta Iurgi Etxebarriak antzerki tailerra egingo du bihar, (Arkupe, 09:30) 16 urtetik gorakoekin; izena aurrez eman behar da.

Txaro Gallego: "Antzerkiak beste leiho batzuk irekitzen ditu"

"Eguaztenean egindako performancearen bitartez antzokira gonbidatu gura izan ditut herritarrak. Antzerkia ikusteko ohiturarik ez dago gurean, ulertuko ez den beldurra dagoela uste dut, eta ez da horrela. Proba dezatela esango nieke, beste leiho batzuk irekitzen ditu, beste kolore batzuei begiak zabaldu… Mezuak askoz samurrago iristen dira artearen bitartez, kasu honetan, performance bitartez, hortaz, pozik nago horretarako aukera eman izanagatik. Eta pozgarria da Udalak antzerkiarekiko egin duen apustua".

Iurgi Etxebarria: "Bat-batean egingo dugu jolas antzerki tailerrean"

"Kementsu sentitzen diren helduendako ikastaroa emango dut. Animatuko nituzke batetik, artearen inguruan lan egiten dutenak: musikariak, idazleak… Bat-batean egingo dugu jolas artearekin; euren jakintza partekatuko dute eta era berean jaso ere bai. Hortaz, gozatu egingo dute. Eta bestetik, zaletasunik ez dutenei edo ezerk betetzen ez dutenei dei egingo nieke; asko jasoko dute horiek. Irudimenarekin egingo dugu lan eta neuk ere lagunduko diet. Udalaren ekimen hau pauso bat izan da eta aurrera begira ea bide bat zabaltzen duen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak