"Lagun talde bat izaten jarraitzen dugu, azken urteotan gauzak ondo egin dituen lagun talde bat, eta hori ez da askorik aldatuko nahiz eta maila nazionalean jokatu", dio zapatuko debuta iristeko gogotsu dagoen Arkaitz Riberak.
Lagun talde horretan, baina, jokalari berriak daude: "Arkauzek, Luceok, Mañarikuak eta Adrianek utzitako hutsunea betetzeko Josu Urzelai, Gorka Dueñas, Gorka Maria, eta Joseba Church taldera ekarri ditugu. Horiek dira aldaketak, taldearen enborrak bere horretan jarraitzen duelako".
Harrobia falta dute
Denboraldi ilusionagarria dute aurretik: "Eta espero dugu zaleen babesa izatea. Hainbat kuadrilatako lagunak batu gara talde honetan, eta kuadrila horiek animatzera etortzen dira partidu askotara, ea aurten ere ondoan izaten ditugun", dio Riberak. Behin maila nazionalera iritsita, baina, ez dute gura urtebeteko kontua bakarrik izatea: "Ea mailari eusten diogun, hori izango da helburu nagusia. Txarrena da klubean ez daukagula harrobi talderik, beheko kategoriatan ez ditugula talde gehiago. Horrek, neurri handian, lehenengo taldearen joan-etorriak baldintzatzen ditu, jokalari hauek nekatzen diren egunean ez ditugulako jokalari gazteak izango erreleboa hartzeko moduan. Egia da, baita ere, talde honek futbol 11tik datozen jokalarietatik edaten duela, eta horretan oinarritu beharko dugu". Areto futbol sailekoek euren kabuz lortu behar izan dituzte babesleak: "Eta alde horretatik eskerrak eman gura dizkiogu Errepin enpresari, babes handia eman digutelako maila nazionalean lehiatu ahal izateko".
Debuta, Tolosan
Aretxabaletako taldeak Tolosan jokatuko du maila nazionaleko lehenengo norgehiagoka (zapatua, 18:00, Usabal kiroldegia). Denboraldi ederra bezain gogorra dute aurretik, besteak beste, Lagun Onak, Gasteizko Aurrera, Durango edota Santurtzi moduko taldeak izango dituztelako aurrean.
Mondrate eta Eskoriatza, maila berean
Euskadiko Txapelketan UDA Aretxabaletak utzitako hutsunea Mondratek beteko du, arrasatearrek ere mailaz igotzea lortu dutelako. Hala, kluba sortu eta urte gutxitan Euskal Ligaraino iristeko kapaz izan dira zuri-moreak. Euskal Ligan, berriz, Eskoriatzarekin egingo dute topo, eta iaz aretxabaletarrekin gertatu moduan, eskoriatzarren eta arrasatearren artean derbi interesgarriak egongo dira ikusgai.
Euskal Ligako Eskoriatzak eta Mondratek, baina, datorren asteburuan hasiko dute liga, irailaren 30ean. Eskoriatzak etxean jokatuko du lehenengo partidua, Bakioren kontra. Eta, Mondratekoek Bastidara egin beharko dute bidaia.