"Iaz arrakasta izandako jarduerekin hasiko dugu denboraldia eta berriekin osatu", dio Iñigo Murgiondok, Ibarra kiroldegian Athlonek duen arduradunak. Gaur egun arrakasta handiena dutenak xunba, hipopresibo abdominal gimnasiak eta igeriketa dira.
Probatzea da gakoa
Berrien artean dago koordinazioa, oreka eta indarra jarduera; esandako hirurak bateratuko ditu horrek, eta helduendako da aproposa: "Oreka arazoak dituztenendako adibidez, nagusien erorketak saihesteko".
Circuit trainingek, ostera, lan aerobikoa eta indarra landuko ditu intentsitate altuan: "Zirkuitu bat izango da eta exijentzia eta intentsitate altuko hainbat jarduera landuko dira hor", dio Murgiondok.
Beste bi jarduerak igerilekuan izango dira: urgym –ariketak uretan– eta urxunba –dantzan uretan–. "Orain arte ekintza berezi moduan antolatu izan ditugu, eta orain, jarduera izango dira. Igerileku ertainean elkartuko dira eta urak dituen propietateak aprobetxatuko dituzte kirola egiteko".
Lau jarduerak jarriko dituzte abian irailean, gutxieneko kopurura iritsi edo ez taldea: "Probatzeko aukera behintzat izan dezaten herritarrek. Horregatik, izena eman aurretik probatu gura izanez gero harreran esan eta ez da izango arazorik", dio Murgiondok, eta gaineratu du: "Nire proposamena da probatzea, orain arte egin bakoak probatu, eta gero egokiena hautatu norberarendako".
Argibide gehiago gura duenak edo izena eman Ibarra kiroldegira jo dezala –info@ibarrakiroldegia.eus eta 943 03 98 42–.
Egokitzapenak
Hobetze lantxo batzuk ere egin dituzte azken asteotan; batetik, fitness gelan goma jarri dute, pisu librea egiten den gunean, eta bestetik, hamaka berriak daude solariumean.