Bidegorriko lanak bukatuta izatea gura dute eskolak hasten direnerako

Mirari Altube Arrese 2017ko abu. 31a, 20:00

Bidegorrian horma luzatzeko lanetan langileak.

Aretxabaletatik Eskoriatzara dagoen bidegorriko euste horma beste 25 metroz luzatzen dabiltza azken asteotan lur-jausi gehiago izan ez dadin. Pasua moztuta dago lanok egiteko, baina Almenen eskolak hasten direnerako zabalik izatea da Foru Aldundiko arduradunen asmoa.

Bide onetik doaz Aretxabaleta eta Eskoriatza arteko bidegorrian egiten dabiltzan lanak; hala adierazi du Foru Aldundiko Errepideetako Kudeaketa eta Plangintzako zuzendari eta Aretxabaletako zinegotzi den Mikel Uribetxebarriak: "Harri-lubeta gaineko ezponda, hau da, lurra berdindu da eta orain harri-lubeta bera eraikitzeko lanetan dihardute". Abuztuaren 21ean hasi zituzten eta ordutik itxita dago pasua oinezkoendako zein bizikletendako. Irailaren 7rako, Arizmendi ikastolako Almen gunean eskolak hasten direnerako, bukatuta izango dituztela lanok uste du Uribetxebarriak.

56.000 euroko lanak

Mendiari eusteko hormaren zati bat 2013an egin zuten, euri-jasen ondorioz behera etorri zirelako lurrak. Hala ere, joan den neguko eurien ondorioz berriro abiarazi zela desplazamendua ipar hegalean, eta horrek lur masa handia mugitu zuela adierazi dute Foru Aldundiko arduradunek. "Lanok eginda euria datorrenerako ondo egonkortuta egongo da mendia eta horrek lasaitasuna ematen du", adierazi du Unai Elkoro alkateak. Gaur egungo euste horma beste 25 metroz dabiltza luzatzen orain, ezponda hori behin betiko egonkortzeko eta mugitutako lurra berriro eror ez dadin. Horma horrek egungoaren ezaugarri berberak izango ditu. Lan horiek 56.000 euro inguruko kostua izango dute.

Beste lan batzuk

Txarapeako maldak ere hainbat arazo izan ditu euriarekin eta hori egonkortzeko lanak astelehenean hasi zituzten. Iazko martxoan hango lurrak jausi egin ziren eta orduan hesia jarri bazuten ere babesteko, behin behineko neurria izan zen. Orain behin betiko euste horma egiteari ekin diote.

Bestetik, argiteria publikoan LED teknologiako luminariak jartzeko lanak ere astean jarri dituzte abian. Arrasatetik datorren bidegorrian hasi ziren lanean astelehenean eta datozen bi asteetan 408 luminaria aldatuko dituzte. Tecuni enpresak dihardu horretan eta Philips markakoak jarriko dituzte, Miniluma, Luma eta Micenas modeloak. Bidegorriaz gain beste hainbat gunetako farolei ere eragingo diete lanek, besteak beste, Markolekoei, Belorrietakoei, Gernika plazakoei, Errekabarren kalekoei eta Mitartekoei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak