Lehenengoz antolatu du Kultura Sailak magiari eskainitako astea, eta horren asmoa da afizioa sortzea herrian: "Magiari bultzadatxo bat eman gura diogu gurean, zaletasuna sortu, eta aurrera begira ea magoren bat izaten dugun…", adierazi du Joxe Migel Uribarren kultura zinegotziak.
Euskal mago profesionalak
Eskarmentu handiko hiru euskal mago profesionalen emanaldiak izango dira bost egunetan zehar: Asier Kidam (Gasteiz, 1974) , Txoborro (Bermeo) eta Tor (Algorta, 1982). Gazte-gaztetatik murgildu ziren hirurak magiaren munduan eta gaur egun bizibide dute. Urte asko daramatzate, gainera, oholtza gainean emanaldiak eskaintzen, eta telebista saioak ere egin izan dituzte. Hain zuzen euskal magoak balioan jartzea ere badu helburu Magia Asteak: "Erakutsi gura dugu Euskal Herrian ere badaudela magoak, mago onak, gainera, eta euskaraz jarduten dutenak", dio Uribarrenek.
Umeendako zein helduendako
Herritarrengandik oso hurbil jardungo dute hirurek eguaztenean, irailak 6, Gertuko magia izeneko saioarekin; zaharren egoitzan eta kaleetan izango dira orduan.
Eguen eta egubakoitz goizetan, ostera, neska-mutikoekin elkartuko dira, eta magia zelan egiten duten erakutsiko diete. Parte hartzeko izena aurrez eman beharra dago Arkupen.
Magia emanaldiak ere izango dira Arkupen; egubakoitz gauean Kidamek helduendako egingo du; eta zapatu eta domeka iluntzean Txoborro eta Tor magoek umeak izango dituzte ikusle. Emanaldien prezioa 3 euro izango da. "Umeak zein helduak aho zabalik uzteko gaitasuna duten magoak bertatik bertara jarraitu ahal izango dituzte herritarrek eta ikustekoak izango dira saioak", adierazi dute antolatzaileek.