Luis Jose Errasti: "Nire eleberriari esker kuadrillako batek lehen liburua irakurri du"

Mirari Altube Arrese 2017ko uzt. 19a, 09:37
Luis Jose Errasti aretxabaletarra.

Erretiratua dago Luis Jose Errasti (Aretxabaleta, 1945) eta orain idazle lanetan dihardu. Aurten argitaratu duen Altruista da haren lehen eleberria.

Zelan sortu da Altruista?

Erretiratu ostean Humanitate ikasketak hasi nituen unibertsitatean, Gasteizen, beste lagun batzuekin batera. Lau lagun joan izan gara hara, baina horietako batek huts asko egiten zituen, eta behin, esan nion: "Hi haiz hi parrandazalea". Eta haren erantzuna: "Parrandazalea, jokalaria eta emakumezalea!" Hortik abiatuta idatzi dut liburua.


Zeresan handia ematen dabiltzan gaiak landu dituzu: ustelkeria, kooperatibak…?

Bai, gai horiek eta gehiago nahastu ditut. Samur idatzi dut eta oso gustura, gainera. Bi hilabetean bukatuta nuen.

Gertuko tokiak eta kontuak (Antxustegi, UDA…) aipatzen dituzu.

Bai, bai, Aretxabaletako eta Gipuzkoako parajeak batez ere, eta gertuko kontuak.

Fikzioa da guztia edo benetan gertatutakoak ere jaso dituzu?

Guztia da fikzioa, ez dago ezer erreala.

Jokin da eleberriko protagonista; kontatu, zein da Jokin?

Lehen aipatu dut lagun parrandazalea dudala, Joaquin da bera, eta haren omenez nik Jokin jarri diot izena. Protagonista gizon ezkondua da, kooperatiban lan egiten du eta politikan sartuko da… Baina irakurri egin behar da! Izenburuarekin esan nahi izan dut borondate onarekin sartu politikan, gero kontu zikinetan nahastu, eta hala ere, altruismoz jokatzen dabiltzala uste dutela askok.

Irakurri dutenen aldetik zer jaso duzu?

Oso samur eta gustura irakurri dutela esan didate. Pentsa, kuadrillako batek sekula ere irakurri barik zuen liburu bat eta hau behintzat irakurri du. Hortaz, ni pozik nago.

Beste libururik baduzu buruan?

Bai, beste hiru! Bata da honen bigarren zatia, eta beste biak, beste gai batzuen gainekoak. Baina orain zuri geratu zait burua, eta atseden hartuko dut, behintzat abuztu artean.

Eta non eros daiteke Altruista?

Herriko estankoetan eta Kioskoan, baita Eskoriatzako liburu-dendan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak