Portasol auzoko jaiak hasteko gertu

Azoka Portasol auzoko jaietan.

Badatoz Portasol auzoko jaiak, egubakoitzetik domekara bitartean hain zuzen ere, eta ohi legez ekintzaz beteta datoz. Klasiko egin diren ekitaldiei eutsi diete beste behin –mus txapelketa, azoka, paella lehiaketa, omenaldiak…– eta herriko musika taldeek eurendako izango dute kiroldegi aurreko oholtza.

Txupina 18:30ean botako dute egubakoitzean, uztailaren 21ean, eta orduantxe murgilduko dira jaietan. Jarraian buruhandiekin eta erraldoiekin kalejira izango da txistulariek lagun eginda. Bixxxentak taldeak girotuko du iluntze partea (19:00) Ibai Gain elkarte aurrean, eta gauean rock kontzertuen txanda izango da (21:30); Aretxabaletako Screamers & Sinners eta Txerrikumeak taldeek jardungo dute.

Zapatuan atletismo probarekin hasiko dute eguna (11:30); 105 metroko lasterketak egingo dituzte Imanol harategi aurrean hasita. Eta ondoren (12:00), gimnasia erritmiko erakustaldia izango da Atseden taberna parean. Ohi legez mus txapelketa jokatuko dute Eguzki-Alde elkarteko arkupetan (16:00), eta ondoren pintxo poteoa egongo da. Herriko beste hiru talde izango dira protagonista gaueko kontzertuan (21:30): Krisis, Delirium eta Kalaña.

Poniak eta zezentxoak domekan 

Auto gidatuen erakustaldiarekin esnatuko dira auzotarrak domekan (09:00); Zaraia tabernako aparkalekuan izango da. Eta artisau feria dago Bizkaia kalean (10:30): bigarren eskuko produktuak, makramearekin egindakoak, Afrikako oihalak, bitxiak… Eguerdi partean, 13:30, ostera, paella lehiaketa izango da Markoleko zelaian.

Poniak eta zezentxoak izango dituzte neska-mutikoek (18:00), kiroldegi aurreko zelaian, eta jaiak bukatu aurretik auzoko nagusiena eta 2017ko lehen jaioberria omenduko dituzte (19:00).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.