Datorren denboraldia gertatuta du UDAk

Denboraldi bat bukatu orduko hurrengoa prestatzen hasi da Aretxabaleta kirol elkartea eta dagoeneko lotuta ditu futbol taldeei dagozkien kontu gehienak. Erabaki horien berri datorren egubakoitzean, hilaren 7an, Arkupen egingo duen batzar orokorrean (18:30) emango du.

Bi urterako aurkeztu da hamasei laguneko hautagaitza: Agurtzane Elkoro (presidentea), Ainhoa Aranburu, Julen Eceiza, Gorka Etxabe, Roberto Etxeandia, Iñaki Ibarrondo, Eñaut Kortabarria, Jon Ander Larrinaga, Oihana Mata, Adrian Merino, Nerea Olmedo, Ramon Perez de Labeaga, Jose Ramon Saez de Gordoa, Mario Unanue, Ibai Zangitu eta Nerea Zubillaga. "Orain arte presidente izan den Adrian Merinok egindako lan onari jarraipena eman gura diogu. Galera galanta da Merinorena eta kostako zaigu halako presidente bat berriro izatea", adierazi du Elkorok eta gaineratu: "Gogotsu jarraituko dut lanean, UDA bihotzean barruraino sartuta dut eta. Horretarako gaztetasuna eta esperientzia bateratu ditugu taldean. Gaztetasuna beste 70 urtean osasuntsu jarraitzeko elkarteak, eta esperientzia, egonkortasuna emateko". Diru kontuak onartu eta egitasmoa aurkezteaz gain iazko denboraldiko ohorezko jokalariei eta bazkideari esker ona agertuko diote batzarrean.

Entrenatzaileak zehaztuta

Datorren denboraldia lotzen dabiltza poliki-poliki: "Berritasun handirik ez dugu espero. Eta fitxaketa garrantzitsuena seguru asko izango da joan den denboraldia bukatu aurretik Gasteizko Aurreratik etorri zen Asier Urzelai". Hala, Ohorezko Erregional mailako entrenatzaile izaten Iñigo Velez de Mendizabalek jarraituko du Unai Egurbide bigarren entrenatzailearen laguntzarekin. Preferentea Juanjo Nogueirasek gidatuko du, Ohorezko Jubenilak, Jose Javier Barkerok; Lehen Mailako Jubenilak, Jokin Badillok; Ohorezko Kadeteak, Alvaro del Blancok; Lehen Mailako Kadeteen talde bat Iker Arriolabengoak eta bestea, Gontzal Ezkurrak; Ohorezko Infantilak, Jokin Pavok; Infantilen talde bat Jon Unanuek eta bestea Iker Sanchezek; eta Infantil Txikiak, Igor Altubek.

Leintz Arizmendirekin pozik

Emakumezkoen futbola bultzatzeko elkarlanarekin "oso pozik" agertu da Elkoro: "Behar baten ondorioz sortu da eta emakumezkoen futbolari duintasuna emateko. Itxaropentsu nago ni. Euskal Ligan emaitza politak izango dituztela guztiz konbentzituta nago, konfiantza handia dudalako jokalariengan eta entrenatzaile taldearengan", eta gaineratu du: "Gure erronka orain jokalari kopuruak gora egitea da proiektua finkatzen joateko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.