Udalak emandako hainbat diru-laguntza errekurritu izana salatu du EH Bilduk

Aretxabaletako EH Bilduk salatu du presoen familiei garraioa ordaintzeko Udalak ematen dien diru-laguntza errekurritu egin duela Espainiako Gobernu ordezkaritzak aurten ere. Baita 16 urtetik beherakoei bideratutako ekintzetarako diru-laguntzak ere, azken horiek "euskaraz bakarrik jarduteko Udalak jartzen duen irizpideari helduta".

Aretxabaletako EH Bilduk adierazi du "presoen familiei ezartzen zaien zigorra onartezina" dela eta diru-laguntzak "zentzuzkoak eta legezkoak" direla familien kostuak arintzeko: "Eta herritarron betebehar etikoa da presoen familiarekiko".

Bigarren helegitea, ostera, euskararen kontrako ekintzatzat hartu dute: "Gure ume, nerabe eta gazteen arteko komunikazioa euskaraz bultzatzea ezinbestekoa da euskararen etorkizuna bermatzeko". Eta horretarako halako irizpideak beharrezkoak direla gaineratu dute.

EAJri eskaera

Gobernu ordezkaritzak bultzatutako ekintzok "Udalaren autonomiaren kontrako erasotzat" hartu dituzte: "Udalok eta herritarrok badugu gaitasuna, eskubidea eta borondatea gure erabakitzeko esparrua errespetarazteko". Hala, Madril trabatzat hartu dute "ekonomiarentzako zama, euskararentzako etsaia eta oinarrizko eskubideentzako arriskua" dela esanaz. Horren aurrean EAJri eskaera zuzena egin diote: "Aretxabaletatik eta Madrileraino, jarrera irmo eta koherentea eduki dezan aretxabaletarron eta euskal herritarron oinarrizko eskubideak errespetarazteko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.