Hogeita hamar urtetik gora dituen Urbaltz elkartea goitik behera berritu dute azken hilabeteotan, eta egubakoitzean, inauguratuko dute. Ekitaldia 19:00etan izango da, eta dantzarien, bertsolarien eta musikarien laguntzarekin ospatuko dute elkartearen itxura berritua. Atean, era sinbolikoan, jarriko dituzten kateak Anita Aretxagak moztuko ditu, bera delako emakumezko bazkide nagusiena, eta hala, ibilbide berriari ekingo diote.
Aurpegi garbiketa sakona egin diote Mitarte plazako elkarteari: "Beharra ere bazuen, apenas egin da ezer eta 30 urteotan. Gaur egunera egokitu dugu la orain esan genezake", jakinarazi du Aitor Irurek, zuzendaritza batzordeko presidenteak.
Sukaldea handitu egin dute eta lokal guztia berregokitu; mostradorea txikitu eta mahaien antolaketa aldatu ere bai: "Antolaketa berriarekin sei edo zortzi leku gehiago izango ditugu", dio Irurek. Komunak ere berritu dituzte, irisgarritasun arauak beteta: "Kanpoko ateak zabalera berezia du orain. Eta Udalaren baimenaren zain gaude arrapala egiteko". Azken asteotan buru-belarri dabiltza garbitze eta txukuntze lanetan gaur iluntzerako gertu izateko.
Gaztetu egin den elkartea
1985eko irailean sortutako elkarteak 96 bazkide ditu gaur egun: "Azken urteotan gaztetu egin da Urbaltz; izan ere, bazkide heldu batzuk seme-alabei pasatu diete bazkidetza. Ondo kokatuta dagoela ezin ukatu eta joan-etorri handia izaten da bertan, bai astean zehar, baita aste bukaeratan ere".
Lehenengo zuzendaritza batzordean ere egon zen Irure, bodegaren ardura izan zuen orduan: "Sortu zen garai hartan ere 90 bat bazkide ginen, baina 100dik gora ere izan gara". Emakume bazkideak hasiera-hasieratik egon dira, eta gero eta gehiago daude: "Sekula ez da egon inolako oztoporik. Hain zuzen lau emakumezko eta lau gizonezko gaude orain zuzendaritza batzordean".
Elkarteak hainbat gora-behera bizi izan ditu urteotan: "Ikerketapean egon zen, eta enbargo mehatxua zela eta kezka handiarekin bizi izan ziren hainbat urte; horregatik hain zuzen atzeratzen joan zen egoitzaren obra. Dena den, itxita sekula ez da egon". Urte askoan izandako nahia gauzatu da, eta beste hainbeste urtean aurrera egiteko asmoarekin sartuko dira bazkideak, Urbaltz berrituan.