Ekainaren 23an bat egiten dute udari ongietorria egiteko antzinatik datorren jaiak eta kristauen ospakizunek; hala, uztak babestu, izpiritu gaiztoak uxatu eta bedeinkapenak jasotzeko gaua izango da gaurkoa.
Arratsaldean hasiko dituzte ekitaldiak Kultura Sailak antolatuta; dantzak eta umeendako kontuak izango dira orduan. Unerik esanguratsuena, baina, San Juan suaren bultakoa izango da. Dantzariak eta txistulariak Mitarte kaletik irtenda gerturatuko dira Herriko Plazara, eta han, sanjuanetako zortzikoa dantzatu ostean, su emango diote pilatutako abarrei. Su-garrak indartu bitartean kantuan egingo dute Aretxabaleta Abesbatzako kideek herritarrekin batera, San Juanen omenez.
Sua itzali ostean, tantaia altxatuko dute ohitura den legez. Aurten 1999an jaiotako 50en bat gaztek jardungo dute horretan.
Irak atarteetan
Eta bihar, San Juan egunez, herriko atarte guztiak iratzeekin apainduta agertuko dira. Baita gurutzearekin ere zenbait. Aspaldiko ohiturari eutsi guran herritar gutxi batzuk jardungo dute horretan eguna argitu baino lehen.
Egitaraua
- 18:00: Leizarra musika eskolakoen emanaldia: Plaza dantza. Musika eskolako dantzariez gain, bertaratutako guztiek ere parte hartu ahal izango dute.
- Jarraian: Buruhandiak eta erraldoiak, txistularien laguntzarekin.
- 21:00: Dantzaldia Imuntzo eta Beloki taldearekin.
- 22:20: Sanjuanetako kalejira txistulari eta dantzariekin Mitarte kaletik Herriko Plazaraino.
- Jarraian: Sanjuanetako zortzikoa.
- 22:30: San Juan sua.
- Jarraian: Dantzaldia Imuntzo eta Belokirekin.
- Bukatzeko: Tantaiaren igoera.