Txistulari taldeak Gasteizen du kontzertua beste talde batzuekin elkarlanean

Mirari Altube Arrese 2017ko eka. 15a, 08:00

Aretxabaletako txistulari taldeak kontzertua eskainiko du zapatuan, ekainaren 17an, Gasteizko Santa Maria Aingeruena parrokian, 20:45ean. Abetxukoko eta Durangoko txistulari taldeekin batera jardungo du eta Abetxukoko eta Langraizko abesbatzekin elkarlanean.

Aretxabaletako txistulari taldeak ez du bakarrik jardungo, beste bi txistulari talde izango ditu lagun: Abetxuko auzokoa (Gasteiz) eta Durangokoa; eta bi abesbatzarekin osatuko dute taldea, Langraizko Santorcariz eta Abetxukoko Vicente Garcia abesbatzekin, hain zuzen ere.

Kontzertu horren sustatzailea izan da Jose Luis Cantabrana, Leizarra musika eskolako txistu irakaslea: "Talde bakoitzak hamar minutu izango ditu bakarka jotzeko; hortaz, txistulariok hiru bat kantu joko ditugu: batetik, Erdi Aroko piezatxo bat, neuk moldatutakoa; eta bestetik, sarri jo izan ditugun bi kanta ezagun: Mendiko soinuak eta Pello Joxepe. Eta abesbatzekin batera jotzeko beste hiru pieza gertatu ditugu: Maitia nun zira, Agur jaunak berezi bat txisturako eta abesbatzarako moldatu dudana, eta, bukatzeko, Isidro Ansorenaren Mendi aldera".

Lanean buru-belarri

Buru-belarri dabiltza entseguetan azken asteotan; azkenekoa astelehenean egin zuten, Aretxabaletan, eta hurrengoa, entsegu nagusia, bihar izango da, kontzertu aurretik. "Oso gustura gabiltza. Egia da pieza berriak gertatu beharrak lan handia daukala atzean: etxeko entseguak, Gasteiz aldera joan-etorriak elkarrekin jarduteko… Baina gustura egiten diren lanak dira", jakinarazi du Antzine Mendia txistulariak. Hain zuzen, Demetrio Iriarteren urteurrenaren harira hasi ziren halako elkarlanetan, eta ordutik dute harremana Gasteiz aldekoekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak