100 elkarrizketatik 45,5 egiten dira euskaraz Aretxabaletan

Udal ordezkariak eta herriko hainbat eragile euskararen erabileraren gaineko aurkezpenean.


Euskararen kale erabileraren gaineko azterketa egin zuen iaz Soziolinguistika Klusterrak eta emaitzen berri eman dute orain. Aretxabaletan behatutako elkarrizketen %45,5 izan dira euskaraz, %53,4 gazteleraz eta %1,2 beste hizkuntza batean.

Iazko udazkenean egin zuten behaketa, iraila eta urria bitartean. Eta herriko bizitza sozialaren erakusgarri den ohiko bi ibilbide hautatu zituzten: lehenengoa: Bedarreta auzoan hasita Santa Kurtz ondoko pasealekutik Errekabarren kalera eta Loramendi kaletik Belorrieta auzora; baita Markole auzoa eta herri irteerako etxeak ere. Eta bigarrena: Otalora kaleko bidegurutzetik hasita Durana kalean; baita Mitarten eta Herriko Plaza inguruan ere, eta hor ostiral gauez ere behatu zen. Guztira hamasei ordu izan ziren neurketan pasatutakoak eta 1.881 hiztunek egindako 661 elkarrizketa jaso zituzten.

Jasotako datuekin ondorioak atera dituzte orain, hainbat ezaugarri kontuan hartuta. Sexuari dagokionez, emakumezkoen %44,1 izan dira euskaraz jardundakoak eta gizonezkoen %46,9. Adin taldearen kasuan, ostera, umeak dira euskaraz gehien egiten dutenak (%61,1), ondoren helduak (%45,3), gazteak gero (%40,5) eta gutxien egiten dutenak adinekoak (%19,1).

Elkarrizketak behatzerakoan umeen presentzia ere hartu dute kontuan: umeak bakarrik egonda %57,6 elkarrizketa izan ziren euskaraz; nagusiak bakarrik %33,9, eta umeak eta helduak elkarrekin egonda, %62,4.

Hamabost urteko bilakaera

Sei aldiz egin dira kaleko erabileraren neurketak herrian, 2001 eta 2016 bitartean hain zuzen ere: "Hamabost urteko bilakaerari begiratuta, gorabehera txikiak egon badira ere, esan genezake %45-46 horretan nahiko egonkor dagoela euskararen erabilera", jakinarazi zuen Asier Basurtok, Soziolinguistika Klusterreko teknikariak, eta gaineratu zuen: "Adin taldeen artean dago aldea eta interesgarria izango da horren atzean zer dagoen aztertzea eta nola eragin asmatzea".

"Kezkatuta" egoerarekin

Aurkezpen ekitaldian EAJko eta EH Bilduko zinegotziak izan ziren baita Kurtzebarri eskolako kideak, Loramendi elkartekoak eta beste eragile batzuk ere. "Kezkatuta" azaldu ziren datuokin, eta gazteendako erreferentzia beharra aipatu zuten: "Zer pentsatua eman digu gazteen egoerak. Euskalduntze prozesuak ere hausnartu beharra du; izan ere, medioak eta dirua jartzen dira baina gero ez da lortzen helburua", adierazi zuen Ion Albizuk, EH Bilduko zinegotziak. Eta gaineratu zuen telefono bidezko elkarrizketak ere kontuan hartu beharko liratekeela hurrengo neurketetan "gero eta gehiago" direlako horiek.

Basurtok adierazi zuen euskaraz jardutea sekula baino samurragoa dela uste arren sarritan, ez dela horrela, inondik inora: "Gaztelera da nagusi Interneten, sare sozialetan… Hortaz, orain arte lez giro euskalduna sortzeko lanean jarraitu beharra dago".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.