Gaurtik dator Kirolez Busti ekitaldi mordoarekin

Palan jokatzen Iturrigorri pilotalekuan iaz.

Hirugarrenez dator Kirolez Busti eguna UDAren eskutik. Bertso olinpiadekin hasi dute aurtengoa, eta punta-puntako bertsolariak elkartuko dira gaur, maiatzak 25, Iturrigorri pilotalekuko oholtzan (19:30). Bihar eta etzi, ostera, kirola izango da protagonista herriko kaleetan.

Urtero lez, futbola ez den beste kirol batzuekin bete gura dute herria: "Egunerokoan futbola besteko presentziarik ez duten kirolak kalera atera nahi ditugu. UDA kirola da, osasuna da… Eta gure balio guztiak kaleratu. Kirola eta festa uztartu nahi ditugu", jakinarazi du Oihana Matak, UDAko zuzendaritzako kideak.

Goi mailako pilotariak

Kirol askok izango dute lekua gaur eta bihar; besteak beste, gimnasia erritmikoak, xakeak, judoak, dokeak, boulderrak eta pilotak. Hain zuzen, emakumezkoen pilota partiduak nabarmendu gura dituzte: "Kirolean, beste esparru batzuetan bezala, emakumezkoen presentziaren inguruan lan asko dago egiteko, eta guk, gure aletxoa jarri nahi izan dugu frontoian. Maila goreneko pilotariak etorriko dira eta aukera bikaina dago haiekin disfrutatzeko", dio Matak.

Partiduak Iturrigorri pilotalekuan izango dira. Eskupilotan Nagore Arozenak eta Miriam Arrillagak jardungo dute Ainhoa Garmendia eta Maider Mendizabalen aurka, eta ondoren pala partidua izango da: Nagore Martin eta Garazi Eizmendik aurkari izango dituzte Olatz Arrizabalaga eta Laura Saez.

Kirol erakustaldiak egiteko herriko beste talde batzuen laguntza jaso dute: "Horien laguntza eta indarra nabarmenduko genituzke. Oso polita eta berezia izaten da adin, sexu eta modalitate desberdinetako lagunak elkarrekin ikustea". Horregatik, UDAko kideek diote herritar guztiek dutela lekua antolatutako ekintzetan: "Aste bukaeretan Ibarran egoten diren horiek guztiak kalera gonbidatu nahi ditugu beste kirol batzuk ezagutzera. Badago zer ikusia eta!".

Paella dastatzea

Kirolaz gain, jatekoa ere izango da eta, beste urte batez, paella gertatuko dute Aretxabaletako eta Getxotik etorritako sukaldariek. Euro baten truke dastatu ahal izango da.

Laguntzen jardungo dutenei eskerrak eman nahi dizkie UDAk: "Gure ilusio eta gogo berberaz lan egingo duten norbanako eta elkarteei, erakustaldiak antolatuko dituztenei eta gurekin bat egingo duten guztiei eskerrak. Horien laguntza eta prestutasunik gabe zaila litzateke horrelako egitaraua prestatzea".

Egitaraua osorik

Hona hemen egitaraua osorik:

Maiatzaren 26a
• 17:00 Patinete eta bizikleta esprintak Durana kalean.
• 17:30 Gimnasia erritmikoa plazan.
• 18:00 Xakea plazan.

Maiatzaren 27a
• 09:30 Herriko pilotarien partiduak pilotalekuan.
• 10:00 Doke txapelketa Basotxo aurreko zelaian.
• 10:00-12:30 Judo jaialdia Kurtzebarriko kantxan.
• 12:00 Elite mailako emakumezkoen pilota partidua pilotalekuan.
• 13:00 Elite mailako emakumezkoen pala partidua pilotalekuan.
• 14:00 Paella dastaketa Durana kalean: Aretxabaleta vs Getxo.
• 17:00 Boulderra herriko kaleetan.
• 18:30 Hiruko saskibaloia Arlutzeko kantxan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.